Astebururako iragarpena
Barixakua: Eguna ateri eta fresko hasiko da, hego ukituko haize ahularekin. Arratsalde bukaeran depresio sakon bati loturiko fronte hotz bat helduko da, euritara joz eta tenperatura nabarmen jaitsiz. Ekaitzak ere jo lezake egunaren amaieran, kazkabarra eta guzti. Termometroak 3-13ºC artean.
Zapatua: Egun ezatsegina oso, eguerditik aurrera batez ere, euria ia etengabe bota lezake eta. Ekaitzak eta kazkabarra ere espero dira, eta haizeak tarteka ufada gogorrekin joko du ipar-mendebaldetik. Tenperatura maximoak behera, 4-8ºC artean mugituz egunean zehar.
Domeka: Zapatuaren antzerako eguna, egun guztian zehar zaparradak noiznahi. Tenperaturetan aldaketa nabarmenik ez.
Jatorri polarreko depresio sakon bat izango dugu bisitan asteburuan, ia-ia gure buruan zentratuko dena zapatuan. Ondorioz, giro guztiz petrala alturan izango den aire hotza dela eta. Egia esan, depresioaren “begia” hain gertu izanda, zaila da oso lokalki iragarpenak egitea, zentro honen kokapenaren arabera haizeak alde batetik edo bestetik joko du eta gurean. Hala ere, giro ezatsegina ziurtaturik dago astebururako. Inguruko mendiak berriz ere zuritzea espero da, elur kota 400-500m-ra jaitsi liteke-eta zapatu eta domekan prezipitazio ugarieneko momentuetan.
Irudia (sakatu irudia handiago ikusteko): Barixaku (ezkerrean), zapatu (erdian) eta astelehen (eskuman) eguerdirako iragarritako itsas-mailako presioa. Lehenengo bi irudietan fronte hotzak (urdinez), beroak (gorriz) eta okluituak (morez) ageri dira. Ikus daitekeenez, asteburuan zehar depresioa gainetik pasako zaigu, barixaku-zapatu arteko gauean fronte hotza pasa, ipar haizea sartu eta ondoren fronte okluitua gainera bidaliz. Astelehenerako depresioa dagoeneko Italian egongo da, haizeak iparretik jotzeko joera mantenduz.
Datorren asterako eboluzioa
Depresioak ekialderako bide naturala hartu eta gurera ipar haizea bidaliko du astearen hasieran; ondorioz, hotz egingo du. Euria ere espero da, baina asteburuaren aldean, dezente gutxiago. Aste guztian zehar ipar ukituko haizea izatea espero dugu, baina Azoreetako antizikloiak muturra sartzea espero da. Ondorioz, giroa zertxobait goxatuko luke. Larregi ezta ere baina.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.