Astebururako iragarpena
Barixakua: Egunsentia hotza izango da eta goizean goiz zeruan hodeiren bat eta lainoa sor daiteke. Eguerditik aurrera garbitu eta eguzkiak giroa goxatuko du, baina tenperatura ez da larregi igoko ere. Haizea, orokorrean ahul eta noraezean ibiliko da. Tenperaturak 1-10ºC artean, toki laiotzetan izotza botako duelarik.
Zapatua: Goiza hotzetik hasi, izotza bota eta lainoa sortuko da ziur asko, baina eguzkiak desegin egingo du eguerdi alderako. Ordutik aurrera, giro eguzkitsua eta tenperaturak gradu pare bat-edo gora arratsaldean, 0-12ºC artean.
Domeka: Zapatuaren antzera, baina tenperatura maximoak beste pare bat gradu irabazi ditzake. Gainontzean, aldaketa nabarmenik ez.
Iparreko haizea jaun eta jabe izan den aste honen amaieran antizikloia gainera datorkigu. Ondorioz, zerua garbitu eta eguzkia jaun eta jabe izango da. Hala ere, Iberiar penintsulan aire hotza gainetik kendu ezinda egongo gara, presio altuak eta haize eza dela eta. Izan ere, antizikloiak atmosferaren goi geruzetan aire epelagoa ekarriko du. Aire hotzak beroak baino pisu handiagoa duenez, eta fronte edota depresio sendoen faltan, hotza gainetik kentzeko zaila izaten da neguan, eguzkiak ez du larregi berotzen eta.
Datorren asterako eboluzioa
Aurreko astean esan bezala, negu amaiera honetan hego haizeak agur (edo geroarte, auskalo) esan digula dirudi, ipar ukituko haizeak ohikoago bihurtuz. Datorren asterako joera honek jarraituko du, Azoreetako antizikloia izena ematen dion tokian egongo da, iparreko haizea eta aire hotza guregana bidaliz. Hala ere, ez da pasa den aste hau besteko hotza izango. Aste hasiera freskoa eta hezea izango dela dirudi, eta bukaeran okerrera egitea espero da, ipar-mendebaldetik fronte hotz bat sartzea espero baita. Hala ere, asko falta da oraindik eta iragarpenak buelta asko emango ditu.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.