Asteburu euritsu eta haizetsua

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko ots. 11a, 11:09

Giro petrala benetan asteburuan izango duguna. Mendebaldeko haizeak tarteka gogor joko du eta euria gogotik botako du. Domekan, gainera, tenperaturak nabarmen hartuko du beherako bidea, hurrengo aste hotzari hasiera emanez.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Zeru estalia eta euria egun osoan zehar, etengabe bota barik baina. Haizeak mendebaldetik joko du, ipar ukituarekin eguerditik aurrera, gogor joko ez badu ere. Tenperatura epel xamarra, 7-14ºC artean.

Zapatua: Barixakuaren tankerako eguna, nahiz eta haizeak gogorrago joko duen. Goizean eta eguerdi partean tarteka ateri egon badaiteke ere, arratsaldean euri asko botatzea espero da. Tenperaturari dagokionez, pare bat gradu igo liteke.

Domeka: Egunak aurrera egin ahala mendebaldeko haizea gogortu, ipar ukitua hartu eta jatorri polarreko aire masa bat guregana bultzatuko du, giroa nabarmen hoztuz. Aire hotza sartzearekin batera, giroa nahastu eta euritara joko du. Gainera, ekaitzak sor litezke kazkabarra eta guzti. Egunaren azken orduetarako elur-kota 500-600m ingurura jaitsiko da, inguruko mendiak zuritzeko beste. Termometroak 6-9ºC artean.

Asteburu honetan mendebaldeko zirkulazioaren etena emango da, domekan “blokeo” deitzen zaion egoerari hasiera emanez. Blokeo hau ipar Atlantikoan zentratzeko joera daukan antizikloiak iparraldera luzatzean sortzen da. Honela, Ipar Amerikan sortzen diren borraskei bidea moztu eta Europa iparraldeko eta Ozeano Artikoko depresioak gure latitudeetara jaistera behartzen ditu. Ipar latitudeetatik datozen depresioek aire hotza eta, ondorioz, bete-beteko negu giroa ekartzen digute. Hala ere, kasu honetan aire masaren jatorria itsasoan egonik, ezegonkorra bai, baina ez da izugarri hotza ere izango, hasiera batean behintzat; eboluzio ziurrena haizeak ipar-ekialdera egin eta Europa kontinentaletik aire masa hotzagoa heltzea baita.

Datorren asterako eboluzioa

Esan bezala, datorren astea hotza izango da, negu honetan apenas izan ez ditugun horietakoak. Gainera, astelehenean eta, batez ere, martitzenean, haizea iparretik zuzen zuzen sartu (ekialdeko ukituarekin martitzenean) eta are gehiago hoztuko du. Denbora asko falta da oraindik, baina mapak eskuan hartuta ez da baztertzen asteartean herrian bertan elurra botatzea. Hala ere, ez da gurean elurte handirik izango dirudienez. Bai ordea inguruko mendietan. Aurrerago begiratzea arriskutsua da, baina badirudi otsailaren bigarren zatiak ez duela zerikusirik izango orain arte izandako neguarekin. Berandutxo, baina orain bai, winter is coming.

Irudia (sakatu irudian tamaina handian ikusteko): ECMWF eredu europarrak domeka (ezkerrean), astelehen (erdian) eta martitzenerako (eskuinean) iragarritako presioa itsas mailan. Gorriz marrazturik antizikloiak sortutako blokeo egoera, ameriketako depresioei bidea mozten diena. Gezi beltzek aire masen fluxuaren noranzkoa irudikatzen dute eskematikoki.

 

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.