Eguraldi aldakorra asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko ots. 4a, 10:52

Asteburuak eguraldiari dagokionez denetik izango du. Barixakuan eta zapatuan egunean zehar ateri eutsiko badio ere, zapatu gauean fronte hotz batek euri dexente utziko du. Atzetik aire hotzak giroa hoztuko du. Domekan tantaren bat bota lezake, baina ateri egongo da eguneko zatirik handiena.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Goi hodei batzuk agertuko diren arren, orokorrean egun eguzkitsua izango da. Eguna hotzetik hasiko bada ere, eguerdian eguzkiak giroa epelduko du. Haizeak hegotik ahul joko du. Tenperatura 3-14ºC artean.

Zapatua: Hego haizeak indarra hartuko du, batez ere mendi gainetan oso gogor joko duelarik, gerturatzen ari den frontea dela eta. Egunaren azken orduetan helduko da frontea eta haizeak ipar-mendebaldera egitearekin batera euritara jo eta nabarmen hoztuko du. Tenperatura maximo eta minimoak antzera.

Domeka: Frontearen atzetik datorren aire hotza dela eta termometroek behera egingo dute. Hala ere, ez du hotz handirik egingo. Zerua nahiko lainoturik egongo da, eta goizean ez da euri zaparradaren bat baztertzen. Termometroak 7-12ºC artean.

Negu honetan hain ohikoa den mendebaldeko zirkulazioaren menpe jarraitzen dugu. Ondorioz, fronte hotz eta beroen dakarten tenperaturen gora-beherak eta eguraldi aldakorra jasaten ari gara. Ipar eta ekialdeko airearen faltan, hotz kontuez ezin berba egin. Mendebal ukituko haizeak Atlantikoko aire masak bultzatzen ditu guregana, hau kontinentea baino dezente epelago dagoelarik neguan.

Datorren asterako eboluzioa 

Datorren asterako ez dirudi mendebaldeko zirkulazioak etena izango duenik. Fronteak guretik pasako dira eta tenperaturek antzera jarraituko dute, hain ohikoak diren gorabeherekin, fronteak joan, fronteak etorri.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.