Astebururako iragarpena
Barixakua: Ateri hasiko da eguna baina zerua lainotzen joan eta euritara joko du eguerdi inguruan. Hala ere, ez du asko botako hego haizeak ez baitio utziko. Tenperatura 6-15ºC artean.
Zapatua: Aurreko eguneko alderantzizkoa. Goibel hasi eta hobetzera arratsaldean, zerua garbituz. Tenperaturan aldaketa nabarmenik ez, akaso pare bat gradu gehiago.
Domeka: Egun eguzkitsua eta epela. Hego haizeak tarteka bizi joko du. Tenperaturak gora, 10-18ºC artean ibiliko direlarik.
Negu honetan hain ohikoa izaten ari den patroira bueltan gatoz. Presio altuak Europa zentralean: hotz izugarria ekialdeko Europan, eta balore epel-epelak mendebaldekoan, gurean. Noizean behin bidetik ateratzen bada ere (pasa den asteburuan, adibidez), azkar egiten du buelta atmosferak negu honen lehenengo zatian ohikoa izan den egoerara. Honen eraginez, bataz-bestekoa baino 4-5ºC inguru epelago izan da abenduan gurean; eta urtarrilak, hainbesterako izango ez bada ere, antzerako itxura dauka.
Datorren asterako eboluzioa
Datorren astean ez da egoeran aldaketa nabarmenik espero. Hego ukituko haizea, giro nahiko epela eta akaso noizean behin fronteren bat, euri kontuak nabariak izango ez diren arren. Aste bukaerarako antizikloia gainera datorkigula dirudi, zeruak garbituz eta goizak hoztuz, baina oraindik garaiz da aurresateko.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.