Negu giroa bueltan asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko urt. 14a, 11:09

Ipar haizea bueltan da eta berarekin baita negua bete-betean ere. Asteburu hotz eta euritsua izango dugu eta elurrak inguruko mendiak zurituko ditu. Domeka mendigainean elurraz disfrutatzeko egun aproposa izan liteke.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Ipar haize fina, lainotsu eta euria. Eguerdi partean ateri egotea espero da, baina bai goizean eta baita arratsaldean ere, zaparrada mardulak botako ditu. Iluntzean elur kota 400m-ra jaistea espero da. Herria 110m-tan egonik, euri artean elur malutaren bat ikustea ez litzateke harritzekoa izango. Tenperatura egunean zehar jaitsiko da, 4-8ºC artean mugituz.

Zapatua: Goizeko ordu txikitan ekaitzak eta prezipitazio ugari espero dira. Eguerditik aurrera atertzera egingo du, eta iluntzean zerua hodei gutxirekin gera liteke. Ipar haizeak baretzera egingo du egunean zehar. Tenperaturan aldaketa nabarmenik ez, eta elurra 400-600m inguruan.

Domeka: Hotz handia egingo du baina ez da apenas prezipitaziorik espero. Haizea firin-faran ibiliko da eta erdi eta goi mailako hodeiak egongo dira. Tenperatura 1-9ºC artean, hotzenak goizean goiz.

Azore irlen hegoaldean dagoen depresio tropikal batek iragarpen meteorologikoak hankaz gora utzi baditu ere, badirudi astebururako behintzat gauzak finkatu direla. Aurreko astean esan bezala, atlantikoan antizikloi bat sortu da gurera ipar haizea bidaliko duena. Ondorioz, aire hotza eta ezegonkortasuna helduko dira. Hala ere, antizikloia nahiko gertu daukagu, depresioak ekialdean geratzen zaizkigularik. Hortaz, eguraldi nahasia pare bat egunetan izango dugu soilik momentuz. Aire hotzaren zati nagusia Italia aldera helduko da oraingoan.

Irudia: Hirlam eredu europarrak iragarritako mapa barixaku arratsalderako (19.00). Galizia mendebaldean zentraturiko antizikloiak ipar haizea bidaliko digu (gezi beltzarekin irudikatuta). Presioa gurean nahiko altua izango den arren, aire hotzak eta itsasoko haize hezeak giroa ezegonkortuko dute. Domekan antizikloia gainera etorriko zaigu.

Irudia: Hirlam eredu europarrak iragarritako mapa barixaku arratsalderako (19.00). Galizia mendebaldean zentraturiko antizikloiak ipar haizea bidaliko digu (gezi beltzarekin irudikatuta). Presioa gurean nahiko altua izango den arren, aire hotzak eta itsasoko haize hezeak giroa ezegonkortuko dute. Domekan antizikloia gainera etorriko zaigu.

Datorren asterako eboluzioa 

Egia esan azken aste honetan atmosferaren egoera irartzeko oso zaila da, hiru egunetako epean ere aldaketa nabarmenak ikus daitezkeelarik eredu ezberdinen artean. Alde batetik, goian aipaturiko depresio tropikalagatik; izan ere, 1978tik ez dela ipar atlantikoan depresio tropikalik sortzen urtarrilean. Bestetik, aire hotz polarrak polotik ihes egitean atmosferaren dinamikan aldaketa sakonak ekartzen ditu, eredu numerikoentzat ikusteko zailak izaten direnak. Ondorioz, zaila da astelehenetik aurrera pasako dena aurresatea. Hala ere, bi aukera nagusi daude:

1. Domekan gure gainean izango dugun atlantikoko antizikloia sendotzea, goiz hotz eta giro eguzkitsuarekin.

2. Antizikloi honek iparrera egin eta bere hegoaldetik guregana depresioak heltzea, giroa nahastuz.

Irudia: Ezkerrean ECMWF ereduak astelehenerako iragarritako mapa. Goian adierazitako lehenengo aukera adierazten du, hau da, antizikloia sendotu eta depresioak iparrera. Eskuinean UKMO eredu britainiarrak iragarritako mapa, bigarren aukera adierazten duena: antizikloia iparrera eta gurera depresioak hegoaldetik. Aldaketa nabarmenak 96h-ko epea izateko.Irudia: Ezkerrean ECMWF ereduak astelehenerako iragarritako mapa. Goian adierazitako lehenengo aukera adierazten du, hau da, antizikloia sendotu eta depresioak iparrera. Eskuinean UKMO eredu britainiarrak iragarritako mapa, bigarren aukera adierazten duena: antizikloia iparrera eta gurera depresioak hegoaldetik. Aldaketa nabarmenak 96h-ko epea izateko.

Momentuz, negu giroa faltan bota dugunok badaukagu dosi txiki bat asteburuan, eta baita elurra gertu-gertu ikusteko aukera ere. Aurrerago gerta litekeenaren jarraipena ere interesgarria da, egoera berezia baita. Azkenik, eski estazioek hainbeste esperotako elurra jasoko dute.

 

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea. 

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eta UKMO eredu numerikoak.