Asteburua ildo beretik: euri pixka bat eta hotzik ez

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko urt. 7a, 11:50

Eguraldia

Datorren asteburuan fronte bat bestearen atzetik helduko da mendebaldetik, giroa nahastuz. Orokorrean asteburu hodeitsua izango da eta euria egingo duen arren, ez du larregi ere egingo; izan ere, mendebaldeko haizeak gehienetan hego ukitua izango du. Tenperaturari dagokionez antzera: hotz handirik ere ez.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Goizean hego-mendebaldeko haize biziarekin epel eta ateri egongo da. Arratsaldean, fronte bat mendebaldetik heltzearekin batera, ipar-mendebaldeko haizea sartu eta euritara joko du. Tenperatura 9-15ºC bitartean, hotzenak frontea pasa ostean emango direlarik.
Zapatua: Eguneko lehen orduetan haizeak hego ukitua hartuko du berriz eta honela eutsiko dio egun guztian zehar. Ondorioz, hodeiak egongo badira ere, ez du euririk egingo. Iluntzean fronte ahul bat helduko bada ere, hego haizea dela eta ez da tanta pare bat baino gehiago botatzea espero. Tenperaturak bere horretan jarraituko du.
Domeka: goizeko ordu txikitan frontea gainean daukagula haizea baretu eta euria egingo du. Goizean zehar, ordea, hego-mendebaldeko haizea bizitzen joango da eta atertzera egingo du, egunean zehar noizean behin tantaren bat bota badezake ere. Tenperaturetan aldaketa nabarmenik ez da espero.

Aurreko astean esan bezala, depresioek gure iparretik gertu-gertu egin dute mendebaldetik ekialdera bidaia. Ondorioz, gurean mendebaldeko haizea izan dugu, ipar eta hego ukituarekin fronteak joan fronteak etorri diren arabera. Honen ondorioz, giro nahasia eta beharrezkoa genuen euria izan dugu eta, honelako egoeretan ohikoak diren tenperaturen gorabeherak: fronte hotza heldu aurretik, hego-mendebaldeko haizea eta epel; fronte atzetik ipar-mendebaldeko haizea eta termometroak behera.

Aipatzekoa da asteburuan hego ukituko haizea nabarmenduko den arren, egoerak ez daukala zer ikusirik aurreko hilabetean izan genuenarekin. Izan ere, gurean ondorioa antzerakoa izan badaiteke ere (hego ukituko haizea), aire hotz polarra askoz gertuago daukagu eta Europa erdialdean eta mediterraneoan zegoen antizikloia desagertu da dagoeneko. Antizikloiek, oraingoan, ipar-latitudeetan egoteko joera hartu dutela dirudi, bertan pilatutako aire hotza eta borraskak gure latitudeetara hurbilduz. Ondorioz, eboluzioak neguaren fase hotzago batera hurbiltzen gaituela dirudi.

Datorren asterako eboluzioa

Aste hasieran patroi berarekin jarraituko dugu. Astelehenean atlantikoan dagoen depresio sakon bat hurbildu egingo zaigu eta fronte bat helduko da, batez ere goiz euritsua utziz. Astean zehar depresioa Europa mendebaldean sartzearekin batera, atlantikoan eta Groenlandian antizikloi sendo bat sortzea espero da. Honen ondorioz Europa mendebaldera aire hotz polarra helduko da ziur asko. Honek gure inguruan giroa ezegonkortu lezake, ondorio lokalak ateratzea momentuz ezinezkoa bada ere. Egoeraren eboluzio posible bat aste bukaera alderako ipar haizea sartzea da, giroak nabarmen hotzera eginez. Hau guztia, iragarpenaren epe luzea dela eta, prudentziaz hartu beharra dago; egunetik egunera iragarpena guztiz alda liteke.

 

danak

 

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.