Astebururako iragarpena
Barixakua: Urteberri egunean hego-mendebaldeko haizea eta zeru hodeitsua izango dugu. Goizeko ordu txikitan hotz egingo duen arren, goizean zehar hego haizeak giroa epelduko du. Iluntzean fronte bat helduko da baina hego ukituko haizeak ez dio euririk botatzen utziko apenas. Tenperatura 4-15ºC bitartean.
Zapatua: Goizean goiz frontea pasatzean hego haizea baretu eta tarteka mendebaldetik joko du. Ondorioz, euri pixka bat botako du. Hala ere, goizak aurrera egin ahala atertu eta ateri eutsiko dio egun osoan zehar. Tenperatura jeitsi egingo da eta 7-11ºC artean mugituko da.
Domeka: hego-mendebaldeko haizea bueltan dator domeka goizean. Hala ere, fronte baten ondorioz euria egingo du, arratsaldean batez ere. Hego ukituko haizeak tenperatura zerbait epelduko du, termometroak 9-13ºC artean ibiliko direlarik.
Badirudi egoera globala aldatu egin dela azken aste honetan, gurean aldaketa nabarmenik izan ez arren. Presio altuak iparraldera mugitu dira eta depresioak gertuago dauzkagu. Hala ere, guregana hego ukituko haizea heltzen da oraindik. Depresioak gertu izatean, ordea, fronteak sendoago heltzen dira guregana, aire hotzak indarturik. Gainera, depresio hauek pixkat gehiago gerturatzeak egoera guztiz alda lezake, ipar ukituko haizea bidaliz gero. Egoera aurreikusteko zaila da hala ere.
Datorren asterako eboluzioa
Badirudi datorren aste hasierarako depresioak are gehiago gerturatuko zaizkigula. Haizeak astelehen-eguaztenean mendebaldetik joko du, ipar ukituarekin noizean behin. Ondorioz, nahiko giro nahasi eta freskoa espero da. Aurrerago begiratzea, ordea, alperrik da momentuz; eredu numerikoek adierazitakoa egunetik egunera asko aldatzen da.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.