Asteburuko iragarpena
Barixakua: Astean zehar izan dugun eguraldiaren pare-parekoa. Hego haizea aurreko egunetan baino zertxobait ahulago, eta erdi mailako eta goi hodeiak zeruan. Hala ere, eguzkiak izango du bere tartea. Tenperatura 12-19ºC bitartean.
Zapatua: aurreko egunaren parekoa, baina zerua garbiago. Tenperaturan aldaketa nabarmenik ez.
Domeka: egunean zehar fronte hotz bat helduko da, hego haizearen ondorioz nahiko ahulduta. Hortaz, baliteke euri apur bat egitea, botatzekotan gutxi izango bada ere. Termometroek behera egingo dute (11-15ºC bitartean mugituz), baina epel jarraituko du giroak; garaiko balio normaletatik gora.
Egia esan azken asteotako analisi berbera egiteko hobe ezer ez esatea. Hala ere, zerbait esan beharko. Aire hotzak poloan pilatzen jarraitzen du eta depresioak, ondorioz, oso iparrean aire hotz honen inguruan bueltaka. Apenas ez da aire hotzik gure latitudeetara nabarmen heltzen mundu mailan, eta hala jarraitzea espero da beste astebetez behintzat. Meteorologia gustatzen zaigunontzat giro aspergarria guztiz, planak egiteko ezin hobea bada ere. Plana eskiatzea ez bada behintzat. Kontsolamendu bakarra, hau ez dela berria; hego haizea gainetik kendu ezinik izan gara beste udazken amaiera eta neguaren hasiera batzuetan ere. Eta normalean, ipar haizea bueltan izan ohi da.
Datorren asterako eboluzioa
Esan bezala, datorren astean eguraldiak ez du aldaketa nabarmenik jasango. Hego-mendebaldeko haizea nagusi eta noizean behin fronte ahul batek euri apur bat eta giro freskoagoa ekarriko digu. Aldaketa bakarra agian tenperaturetan emango dena, pixka bat jaitsiko dira eta orokorrean.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.