Astebururako iragarpena
Barixakua: hego haize ahulak goi hodei batzuk ekarri ahal izango ditu, baina orokorrean eguna eguzkitsua izango da. Tenperatura 4-15ºC bitartean.
Zapatua: aurreko egunaren parekoa. Akaso haizea zertxobait biziago. Tenperaturan aldaketa nabarmenik ez.
Domeka: aldaketa bakarra, hego haizea oraindik pixka bat biziagoa izango dela. Haizeak goizaldean ez dio utziko tenperatura minimoari larregi jaisten. Maximoak antzera.
Antizikloia eroso daukagu Europa zentralean finko. Ondorioz, ia kontinente osoan ohikoa baino tenperatura altuagoa eta giro lehorra daukagu (Eskandinavia eta britaniar uharteak salbu). Egoera hauek nahiko iraunkorrak izaten dira. Orokorrean hego haizea dakarkigun arren, noizean behin britaniar uharteetara bidean doan borraskaren bati lotutako fronte baten buztanak zeharkatzen du gure lurraldea. Hala izan zen joan den martitzenean, eta hala espero da datorren astelehenerako ere.
Datorren asterako eboluzioa
Astelehenean fronte hotz baten buztanak zeharkatuko du iberiar penintsularen iparraldea. Guregana nahiko ahuldurik heltzea espero da, hala izan ohi da eta haizeak hego-mendebaldetik eusten dioenean. Hala ere, zerbait botako du eta baliteke martitzen-eguaztenean ere beste fronte bat heldu eta euri pixkat egitea. Astearen gainontzean hego haizeak jarraitzea espero da, aldaketa nabarmenik gabe. Hala ere, egoera egonkor hauen amaiera aurreikusteko zaila izaten da, eta astebeterako iragartzea ezinezkoa gehienetan. Neguaren hasiera honetan daukagun zirkulazio atmosferikoaren ondorio zuzena da daukagun egoera. Ipar polo inguruan hotz handia pilatzen ari da, hegoalderago dauden lurraldeetara hedatu gabe. Honek, noizbait, "lehertu" egingo du aire hotzak hegoaldera bisitaren bat egingez. Aire hotz honek noiz eta nondik egingo duen ihes da, hain zuzen, aurreikusteko zaila izaten dena.