Astebururako iragarpena
Barixakua: fronte hotz oso ahul batek zeharkatuko du gure lurraldea, arratsaldean euri apur bat utziz. Hala ere, gutxi botako du. Haizea ahula izango da, hego-mendebaldetik joko du goizean eta iparretik arratsaldean, frontea pasatzean. Tenperatura 5-14ºC bitartean.
Zapatua: egun eguzkitsua izango da, hego haizeak giroa epelduko duelarik. Goizean lainoa sortu badaiteke ere, eguzkiak desegin egingo du eta oro har zerua garbi egongo da gainontzeko orduetan, goi hodei batzuekin akaso. Goiza hotza izango bada ere, hego haizeak tenperatura maximoa igoko du eta termometroa 4-16ºC bitartean mugituko da.
Domeka: aurreko egunaren pare-parekoa, hego haizea pixka bat biziagoa izango bada ere. Tenperatura 6-16ºC artean.
Astelehena: aldaketa gutxi espero da. Eguzkia eta hego haizea nagusi. Tenperaturetan aldaketarik ez apenas.
Martitzena: hego haizeak jarraitzea espero da, ahulago ordea. Gainontzekoan, aldaketarik ez da espero.
Antizikloia ingurutik edota gainetik kendu ezinda gabiltza udazkenaren amaiera honetan. Noizean behin Azoreetarako bidea hartu eta iparreko haizea bidali badigu ere, orokorrean giro egonkorra eta epelaz gozatzen ari gara. Egonkortasun honek goiz hotzak ekarri ohi ditu zerua oskarbi eta airea bare-bare egonez gero. Zubirako ordea, hegoaldeko haize finak ez dio tenperaturari gauetan hainbeste jaisten utziko eta, eguzkia lagun, egunak ere epelduko ditu.
Datorren asterako eboluzioa
Asteazkenetik aurrera iragarpena luzatzea zaila bada ere, ez dirudi aldaketa handirik espero direnik. Antizikloia eroso dago Europa hegoaldean zentraturik eta ez dirudi epe laburrean asko mugituko denik. Hurrengo astebururako baliteke aldaketarik izatea, baina oraindik asko falta da aurreikuspen on bat egin ahal izateko. Momentuz, gozatzeko moduko zubia daukagu aurretik eta aprobetxatu beharko da!
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.