Astebururako iragarpena
Barixakua: zerua estalia egongo da eta euri ahula egingo du noizean behin. Haizeak ipar-mendebaldetik ahul joko du eta tenperaturak 10-14ºC bitartean mugituko dira.
Zapatua: egunaren lehenengo orduetan fronte hotz batek euri dezente utziko badu ere, egunean zehar euri ahula espero da, arratsaldean atertzera eginez. Zerua estalirik egongo da eta tenperaturak behera egingo du, termometroek 7-10ºC artean oszilatuz. Ipar-mendebaldeko haize ahula ibiliko da.
Domeka: eguna lainotuta hasiko bada ere egunean zehar hobera egingo du zerua apurka-apurka garbituz. Haizerik ez da espero apenas, iparrekoa izango delarik goizean, eta norabide aldakorrekoa arratsaldean. Tenperatura 5-12ºC artean, baxuenak azken orduetan eman daitezkeelarik zerua oskarbitzean.
Azken aste euritsu eta haizetsuaren amaieran badirudi Azoreetako antizikloiak penintsularako bidea hartu nahi duela berriz ere. Hala ere, bidean guregana ipar-mendebaleko haizea bidaltzen jarraituko du, geroz eta ahulagoa izango bada ere. Ondorioz, hodeiak eta giro hezea izango dira nagusi asteburuan, euri asko botako ez duen arren. Barixaku eta zapatu arteko gauean espero da euri gehien fronte hotz baten ondorioz. Oraingo honetan fronte hotzak ez dakar pasa den asteburuko aire hotza atmosferaren goi geruzetan eta giro askoz lasaiagoa espero da. Hala ere, tenperaturek hotzetik jarraituko dute, garaiko balio normaletatik gertu.
Datorren asterako antizikloia
Domeka arratsalderako antizikloia gainean izango dugu dagoeneko. Itsasmailan 1030mbar-etik gorako presio maximoa izan lezake antizikloiak, eta zeruak garbi utziko dizkigu astearen lehenengo egunetan. Ondorioz, astelehen eta martitzenean behintzat goizak hotzetik hastea espero da. Gau oskarbien ondoren goizean goiz sortu ohi den lainoa eguzkiak desegin eta giroa epelduko duen arren, egunak jada motzak dira eta tenperaturak baxu mantenduko dira.
Eguaztenetik aurrera iragarpena luzatzea zaila bada ere, ez dirudi aldaketa handirik espero direnik. Antizikloiaren zentroa pixka bat mugitzeak guregana heltzen den haizearen norabidea finkatzen du, eta honek gure zeruaren egoera. Haizeak itsasotik joz gero, lainoturik egongo da; bestela, zerua garbi. Dena den, datorren asteburua arte behintzat ez da egoera berezirik espero.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.