Astebururako iragarpena
Barixakua:hego-mendebaleko haizea eta giro eguzkitsua, goi hodeiak agertzen joango dira, frontea gerturatzearekin batera. Goizean tenperatura minimoa 10-12ºC-ren bueltan, arratsaldean 20ºC-ra helduko da.
Zapatua: frontea gauerdi inguruan helduko da, eta gauean zehar pasako da, euri ugari lagata. Eguraldi petrala espero da egun osoan zehar, zaparrada ugari, kazkabar eta guzti batzuetan. Ipar-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da. Tenperatura 6-12ºC-ren bueltan.
Domeka: zapatuaren antzera, euritsua eta hotza. Tenperaturek behera egingo dute apur bat. Nekez helduko dira termometroak 8ºC-ra.
Bapatean negu giroa datorkigu astebururako. Azkenaldian gainean izan dugun eta giro eguzkitsua eragin duen antizikloiak Azore irletarako bidea hartuko du bihar, barixakua. Atlantikoan barrena iparraldera mugitzearekin batera, aire polarra bultzatuko du Europa mendebaldeko giroa nahasiz. Aurreikuspen meteorologikorako erabiltzen diren eredu numerikoek diotenez, ostiral atsaldean fronte hotz batek Kantauri itsasoa iparretik hegora zeharkatuko du eta Soraluzera zapatuko lehenengo orduetan ailegatuko da. Fronteak prezipitazio ugari ekarriko du eta atzetik dakarren jatorri polarreko aire hotza dela eta tenperatura nabarmen jaitsiko da.
Irudiak: GFS eredu estatubatuarrak iragarritako mapak larunbat goizerako (7:00).
Fronteak atzetik atmosferaren geruza altuetan dakarren aire hotza dela eta ekaitzak sortuko dira, haize bortitza, zaparrada mardulak eta kazkabarra eraginez. Azpimarratzekoa da Kantauri itsasoa oraindik epel dagoela (16-17ºC), eta kontraste handia sortuko du alturan dagoen aire hotzarekin (-25 eta 30ºC artean 5000m inguruan). Honek airea ezegonkortu eta ekaitz hodeien sorrera lagunduko du.
Larunbat gauean eta Igandean batez ere, elur-maila inguruko mendi altuenak zuritzeko beste jaitsi litzateke. Hortaz, ez da baztertzekoa mendigainera iganderoko buelta ematera ausartzen denak elurretan denboraldiko lehen aztarnak uzteko aukera izatea.
Datorren asterako iragarpena
Astelehenean alturan aire hotza baztertzen joango da, zaparradak gero eta ahulagoak izateaz gain, denboran sakabanatuagoak ere izango dira. Hala ere, iparreko haizeak astearen hasieran atmosferaren beheko geruzetan aire hotza mantenduko du. Datorren asteari begira aldakor dabiltza iragarpenak, honelako egoera ezegonkorrak aurreikusteko zailak izaten baitira. Hala ere, egoerak merezi badu, iragarpen berezia egingo dugu.
Negu meterologikoa eta astronomikoa
Astebururako ziurra da eguraldiaren aldaketa bortitza eta negu astronomikoa Abenduaren 21ean hasiko bada ere, negu meteorologikoa datorren asteburuan hasiko dela dirudi. Euria ongietorria izango da izan dugun udazken lehorra eta gero. Gainera, eskia eta neguko kirolak maite dituztenek ere pozik jasoko dute penintsula iparraldeko mendikate nagusietan botako duen ganorazko lehen elurtea, abenduko zubia hain gertu egonda batez ere. Garaian garaikoa, ala?
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meterologiazalea.