V. Iñaki Ruiz Mendi Lasterketa jokatuko da domekan

Erabiltzailearen aurpegia menditaldea 2016ko uzt. 4a, 12:21
Iñaki Ruiz / Artxiboko argazkia.

Datorren uztailaren 10ean Soraluzeko Mendi Taldeak antolatzen duen Iñaki Ruiz Mendi Lasterketaren V. Edizioa ospatuko da. Irteera Soraluzeko San Andres auzoko frontoian izango da goizeko 10etan.

Iñaki, duela hiru urte Frantziako Pirinioetan istripu baten ondorioz hil zen Soraluzeko mendizalea zen. Soraluzeko mendi taldeko kide hainbat urtetan izana, mendizale eta lasterketa zale, mendi taldeak Lasterketa hau antolatu zuen bere omenez, berak hainbeste maite zituen mendiak eta lasterketak uztartuz. Lasterketak urteroko hitzordu bilakatzea du helburu 150-200 laguneko parte hartzearekin.

21 kilometro eta 1000 metroko desnibela

Lasterketak, guztira, 21 kilometro luze eta 1.000 metroko desnibel positiboa dauka eta ibilbideak Soraluzeko mendi-gaina zeharkatzen du, bertako mendi-punta garrantzitsuenetatik igarotzen delarik. San Andres auzoko frontoitik irtenda, Soraluze-Elosua parke megalitikoan gora eta behera arituko dira parte hartzaileak. Pagobedeinkatu, Artzaintxaboleta eta Pol-Pol puntetatik igaro ondoren, lasterketako punturik gorena hartuko dute Irukurutzetan. Ondoren, beherantz abiatu beharko dira Atxolin eta Karakate pasatu eta San Andresen irteerako leku berdinean amaitu arte.

Iazko irabazleak Aitor Osa eta Nerea Amilibia izan ziren, nahiz eta izen izan zituzten lasterketako denbora onenak hobetu; Gizonezkoetan Oier Ariznabarreta durangarra da denbora onena duena (lehenengo edizioa 1:35:26, eta emakumeetan Aitziber Ibarbia Zizurkildarrak du denborarik onena 1:56:24, kasu honetan ere lehenengo edizioan egina.

Lasterketaren prezioa 5€-koa da eta izen ematea irteeran bertan ala aldez aurretik www.kirolprobak.com webgunearen bitartez egin ahal izango da.

FITXA TEKNIKOA

  • Data: 2014ko Uztailak 10

  • Irteera ordua: 10h

  • Irteera eta helmuga: San Andres auzoko frontoia, Soraluzen.

  • Kilometroak: 21 km. 

  • Desnibel positiboa: 1.000 metro. 

  • Hornidura likido puntuak(ura): 3 (Atxantxaboleta, Karakate eta Helmuga)

  • Janari hornidura puntua(fruta): 2 (Atxantxaboleta eta Karakate)

  • Gutxieneko altura: 240 metro (Argateburu)

  • Gehieneko altuera: 899 metro (Irukurutzeta)

  • Ibilbidearen ezaugarriak

    • Asfaltoan 2.000 metro

    • Mendi bideetan 19.000 metro

 

SORALUZEKO MENDI TALDEA

Rabal 13.

20590 - Soraluze (Gipuzkoa)

Tel.: 943751304

soraluzekomenditaldea@gmail.com