Maiatzaren 11tik 14ra Selekzio Autonomikoen Arteko Txapelketa jokatuko da, Jacan. Txapelketan 9 Irristaketa federaziok parte hartuko dute, emakumezkoetan zein gizonezkoetan eta helduen zein umeen mailetan: Euskal Herrikoak, Gaztela eta Leongoak, Madrilgoak, Kataluniakoak, Valentziakoak, Galiziakoak, Kanariar Uharteetakoak, Andaluziakoak eta Aragoikoak.
Euskal Herriko Irristaketa Selekzioari dagokionez, infantilen mailan hiru soraluzetar deitu dituzte txapelketarako: Soraluzeko Marras Irristaketa Taldeko Ane Bastardo eta Aiora Ballesteros, eta Bergarako Burdinola taldean diharduen Mikel Layza.
Urduri baina pozik
Soraluzetar gazteak urduri, baina aldi berean pozik daude euskal selekzioaren deiarengatik. Pozik, patinatzen hasi zirenean, ez zutelako espero horren denbora laburraren ondoren selekzioarekin lehiatuko zirenik. Eta urduri, selekzioarekin lehiatzera joateak duen esanahiarengatik. Hori bai, kasu horretan, Ane Bastardok selekzioarekin iaz izan zuen esperientzia (Galizan izan zen Euskal Herriko selekzioarekin) lagungarri izango zaie guztiei ere.
"Hobetu" nahia
Ane Bastardo eta Mikel Layza orain dela lau bat urte hasi ziren patinatzen, domeketako irristaketa saioetan. Geroago, plastikozko makilekin hockeyan jokatzen hasi ziren eta gero, Iraitz Ibarzabalek irristaketa taldea sortu zuenean, Marras taldean sartu ziren. Aiora Ballesteros, berriz, behin kalean patinatzen ikusi zuten eta galdetu zioten ea hockeyan apuntatu nahi zuen eta Marras taldean hasi zen. Ballesterosek eta Bastardok Marras taldean dihardute. Hasi zirenetik, hockeyan hobeto dabiltzala uste dute, baina "hobetu" egin nahi dute.
Layzak, berriz, Bergarako Burdinola taldean dihardu orain dela bederatzi hilabete. Kataluniara, Valentziara… joan izan da haiekin. Bidaiak gogorrak egiten zaizkio, baita beste taldeen kontra jokatzea ere, goragoko mailakoen kontra ere jokatzen baitu. Hala ere, “hobekuntza” handia ikusten du eta jokoan ona dela uste du, nahiz eta Layzak ere hobetu egin nahi duen.
Hori bai, hiruetako batek berak ere ez du nahi profesional izatea, hori “oso gogorra” dela uste dute hirurek, edozein kiroletan profesional izateak presio handia suposatzen baitu, besteak beste. Layzaren kasuan, Gasteizko Bipolo taldean jokatzea nahiko luke, dena den.