Floreaga auzoan ospatu zuten bolariek Lehendakari Eguna eta aurtengo Hiru Txirlo txapelketaren amaiera. Bazkariaren ostean, txapelketako sariak banatu zituzten.
Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketaren 54. edizioko sailkapena ondorengoa izan da:
1. Jon Aransolo ................38 txirlo
2. Gorka Etxaniz ..............35
3. Javier Osoro ..................32
4. Sebas Aranzabal ............31
5. Asier Azkarate ..............30
6. Ganix Rodriguez ..........30
7. Jose Antonio Nuñez..........22
8. Bittor Nuñez.....................14
Aransolo bizkaitarra, Gipuzkoako txapeldun
Hamar jardunaldietako emaitzak batuta, Jon Aransolo Etxaburu izan da erregularrena, eta 38 txirlo botata, bera da Gipuzkoako txapeldun berria, iaz seigarren txapela irabazi zuen Angel Ibarluzeari lekukoa hartuz. Aransolo markinarra den arren, Elgetako taldearekin lehiatzen da. "Inoiz inon txapelik irabazi gabe nengoen, eta oso pozik nago maila altuena duen txapelketan, Gipuzkoakoan irabazi izanagatik", adierazi zuen Leintz Gatzagako tiraldia amaitu berritan. Gorka Etxaniz azkoitiarra izan da txapeldunorde, 35 txirlorekin eta Javier Osoro bolari elgoibartarrarentzat izan da hirugaren postua (32 txirlo). Osorok irabazi zuen txapelketako lehen jardunaldia, Soraluzen, eta harrezgero sailkapen nagusiko goi aldeko postuei eutsi die jardunaldiz jardunaldi, podiumean bukatu arte.
Emakumezkoetan, UDA taldeko Isana Gorosabel aretxabaletarrak irabazi du Gipuzkoako txapelketa. Bikotekako sailkapenean, Sebas Aranzabal elgetarra eta Bergarako San Joxepe taldeko Asier Azkaratek osatutakoak lortu du Gipuzkoako onena izatea.
Lehendakari Saria
Lehendakari Saria kanporaketa eran jokatzen da eta horrela gelditu zen sailkapena:
- Bittor Astigarraga
- Juanjo Uranga
- Ganix Rodriguez
- Eñaut Kortaberria