Aitziber Olaizola bolari elgoibartarrak Euskal Herriko Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa irabazi zuen 2021ean -bigarren jardunaldiko tiraldia irabazita-; eta, hala, historian lehen aldiz emakume bat gailendu zen txapelketa horretan. Orain, Gipuzkoako Hiru-txirlo Bola joko txapelketako jardunaldi batean gailendu da estreinakoz emakume bat.
60 bolari lehiatu ziren Idotorbeko bolatokian jokatu zuten txapelketako laugarren jardunaldian eta Aretxabaletako U.D.A taldearen izenean jokatzen duen Isana Gorosabel eskoriatzarrak eskuratu zuen garaipena, egin zituen hiru tiraldietan (2-0-3), bost txirlo botata. Garaipen historikoa bola-jokoarentzat eta egun seinalatuan gainera, Gorosabelek bere urtebetetze egunean irabazi baitzuen tiraldia. San Migel taldeko Xabier Loiola izan zen txapeldunorde, 5 txirlorekin eta Asola Berri taldeko Pedro Gomez sailkatu zen hirugarren postuan, lau txirlo botata.
Idotorbeko tiraldiaren ostean aldaketak izan dira sailkapen nagusiko aurreneko postuetan. Asola Berri B taldeko Pedro Gomez dago lidertzan, 17 txirlorekin, San Migel A taldeko Xabier Loiola dago bigarren postuan, 15 txirlorekin; eta hirugarren postuan San Andres A taldeko Lander Odiaga ageri da, 14 txirlorekin. San Migel A taldeko Unai Loiola eta Jabier Osoro 10. eta 11. postuetan daude, hurrenez hurren, 11 eta 10 txirlo botata orain arteko lau jardunaldietan.
Taldekako sailkapen nagusian Asola Berri dago lehen postuan (67 txirlo) eta San Migel A bigarrengoan (56 txirlo): bikoteka, Xabier Loiolak eta Imanol Osorok osatutakoa dago aurreneko postuan, 26 txirlorekin.
Botaldiko sailkapena
1. Isana Gorosabel (UDA)....................5
2. Xabier Loiola (San migel)................5
3. Pedro Gomez (Asolaberri)..............4
4. Bittor Astigarraga (Asolaberri).......4
5. Oier Asumendi (San Andres)......3
Lander Odiaga ................................2
Mateo Goenaga ..............................2
Sailkapen Nagusia
1. Pedro Gomez .......................17
2. Xabier Loiola .........................15
3. Lander Odiaga .......................14
4. Bittor Ugarteburu .................13
5. Gorka Etxaniz .......................13