Urriaren 16an, zapatuan, abiatu zuten Euskal Herriko 31. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa Elorrioko Argiñeta auzoan. Pandemia osteko lehen jardunaldi ofiziala izan zen eta parte hartze handia izan zuen, guztira, 73 bolarik hartu baitzuten.
Lehen jardunaldiko sailkapen nagusia honela gelditu zen:
1. Jose gabriel Nuñez (San Andres): 8 txirlo
2. Bittor Rodriguez (Asolaberri): 6 txirlo
3. Jon Aransolo (MX3T): 6 txirlo
4. Jose Angel Fernandez (MX3T): 6 txirlo
5. Oier Azurmendi (MX3T): 6 txirlo
6. Sergio Rodriguez (Asolaberri): 5 txirlo
7. Jose Antonio Nuñez (San Andres): 3 txirlo
8. Iñaki Ariznabarreta: 2 txirlo
9. Iñaki Burunza: 1 txirlo
Hurrengoa San Andresen
Guztira, lau bolatokitan jokatuko dituzte aurtengo txapelketako lau jardunaldiak. Bigarrena, urriaren 23an, datorren zapatuan, jokatuko dute San Andres auzoko bolatokian; hirugarrena, Markina-Xemeingo Lauzirikan egingo dute, azaroaren 6an; eta, laugarren eta azken jardunaldia, aurtengo sailkapen orokorra erabakiko duena, Azpeitiko Garmendipen jokatuko dute, azaroaren 13an.
Handik astebetera, azaroaren 20an, jokatuko dute Lehendakari Txapelketa, Iruzubietako bolatokian, Ziortza-Bolibarren.
Zabalik edonorendako
Ohikoa den moduan, txapelketako jardunaldietan edozeinek parte hartu ahal izango du. Esaterako, izena kanporaketa jokatuko den egunean eta lekuan bertan eman ahalko da, berau hasi baino lehenxeago eta, ordutegiari dagokionez, Argiñetan bezala, saio guztiak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira.
Saririk ere ez da faltako. Jardunaldi guztietan banatuko dira sariak. Lehenengo sailkatuak 65 euroko saria jasoko du, bigarrenak 50 eurokoa, hirugarrenak 35 eurokoa, laugarrenak 20 eurokoa, bosgarrenak 10 eurokoa, eta seigarren sailkatuak, berriz, oparia.