Uztailean, Tourra Euskal Herrira datorrela-eta, txirrindulari lasterketa horrek nazioartean duen oihartzuna baliatu nahi du Gure Esku mugimenduak Euskal Herria nazioarte mailan proiektatzeko: "Argi esateko, Europako txoko honetan 7 lurraldez osatutako herri bat dagoela, nortasun propioa duena, Europako hizkuntza zaharrenarekin bizi dena, bere burua gobernatu nahi duena, kirolzalea dena eta hori dena harrotasunez bizi duena", Euskal Herritik Mundura lelopean.
Mahaia kalean ekarpenak jasotzeko
Horretarako, Gure Eskuk "inoiz egin den ikurrinik handiena" egin nahi du eta helburu hori lortzeko, diru-bilketa kanpaina jarri du martxan, nazio mailan zein herriz herri. Hala, ondorengo egunetan, Soraluzeko Gure Eskuk, mahaia jarriko du kalean, dirua batu eta materiala saltzeko: maiatzaren 27an (11:30-14:00); ekainaren 2an (18:00-20:30); ekainaren 8an (10:00-12:30) eta; ekainaren 9an (18:00-20:30). Gainera, Soraluzeko taldeak jakinarazi du, mahaietara hurbildu eta laguntza ematen duten guztiek opari bana jasoko dutela.
Mahaiez gain, bestelako bideak ere izango dira crowdfoundingean parte hartzeko, besteak beste, itsulapikoa.eus webgunean edo 644 079 065 zenbakira whatsapp-a idatzita.
Tourra uztailean
Tourra uztailaren 1ean abiatuko da Bilbotik eta hiru etapa egingo ditu Euskal Herrian.