Denboraldiko azken partida, etxean

Erabiltzailearen aurpegia Ander Gomez 2024ko mai. 17a, 08:31

Bihar, zapatua, Aloña Mendirekin neurtuko ditu indarrak Sorako Gorengo mailako taldeak, bi aste segidan etxetik kanpo jokatu ostean. 30. jardunaldia izango da, azkena, eta Ezoziko futbol zelaian jokatuko da, 16:30ean hasita.

Etxetik kanpo eman du maiatza Sorak.

Lehen asteburua Zestoan izan zuten eta egun latza suertatu zen. Partida osoa 1-0 galtzen pasa ostean, are gehiago konplikatu zen amaiera aldera: bigarrena egin zuten zestoarrek; eta Urkirik zelai erditik baloia atera eta berehala gola lortu arren, beste bi jaso zituzten jarraian, 4-1 galtzen amaituz.

Pasa den astekoa Bergaran jokatu zuten, bertako B taldearen kontra. Oraingoan plazentziatarrak hasi ziren gogor, bi gol lortuta lehen hamar minutu eskasetan. Jon Ander Recio (3') eta Jon Perez (13') izan ziren golegileak. Bergararrek bigarren zatian gol bakarra egitea besterik ez zuten lortu eta, 1-2 markagailuan, hiru puntuak eskuratu zituzten Sorako mutilek.

Azkenik, etxean

Orain, denboraldiko azken jardunaldia jokatuko du Sorak, Aloña Mendi KE taldearen aurka, Ezozin. Partida zaila izango da, oñatiarrak sailkapenean 2. postuan mantendu direnez gero denboraldi osoan zehar. Sorako mutilek 9. postua orbitatzen eman dute gehiena, baina Segura eta Anaitasuna saikapenean azpitik eta gainetik egonda, bi puntu eskasera biak, ezer gutxi da ziurra: taldeok hiru puntuak lortu eta postu bat gorago amaitzeko borrokatu dute.

Pos. Taldea Puntuak
1 MONDRAGON C.F. 71
2 ALOÑA MENDI K.E. 61
... ... ...
8 ANAITASUNA F.T. B 38
9 SORALUZE C.F. 36
10 SEGURA K.E. 34
... ... ...
15 ANTZUOLA K.E. 25
16 BERGARA K.E. B 20

Zorionez, etxean du azken hitzordua Sorak eta, partida zaila izan arren, aski ezaguna da bertan ohikoa dena baino askoz maila altuagoa emateko duen joera. Hortaz, ikuskizun itzela eta jendez beteriko harmailak espero dira denboraldi itxierako partida honetan.

Bihar (zapatua) jokatuko dute, 16:30ean, Ezoziko futbol zelaian.


Gainontzeko taldeen partiduak (aurkaria, tokia, ordua) Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.