Susperraldia berresten

Erabiltzailearen aurpegia Ander Gomez 2024ko mar. 15a, 07:31

Gola ospatzen Zumaiakoren kontrako partiduan, etxean.

Urte hasierako bolada txarretik ondo baino hobeto irten da Sora. Bi garaipen lortu ditu jarraian, horietako bat etxetik kanpo: Danenaren aurka irabazi zuen pasa den asteburuan, 1-2 markagailuan.
Halaz ere gogor entrenatzen dihardute Sorako mutilek, aste honetan etxean duten hitzorduan "hirugarrena jarraian" lortzeko asmotan.

Azken bi jardunaldietako partiduak irabazi dituzte Sorako Gorengo mailako mutilek, urte hasieratik zeramaten porrot-berdinketa boladari amaiera emanez.

Orain bi aste Zumaiakoren aurka jokatutakoa izan zen lehena, 4-1 Ezoziko markagailuan. Pasa den asteburuan Zirzurkilen jokatutako partidua izan da, ordea, taldearen susperraldia berretsi duena; ez bakarrik hiru puntuak lortu zituelako beste behin, aurtengo etxez kanpoko lehen garaipena izan delako baizik. Hitzorduan, Danenak huts eta Sorak bi gol zituela joan ziren atsedenaldira: Danier Rolando Flores Rolanek egin zuen goletako bat eta ate propioan izan zen bestea, Soraren alde. Bigarren zatian, hanka sartzea konpondu nahian irten ziren arren, Sorak tinko eutsi eta gol bakarra egitea lortu zuten zizurkildarrek, partidua 1-2 bukatuz.

Domekan hurrengoa

23. jardunaldian, Billabona KE taldeari harrera egingo dio Sorak. Azaroaren 5ean neurtu zituzten indarrak lehen aldiz, denboraldiko 8. jardunaldian, eta 2-1 galdu zuen bertan. Oraingoan ere, sailkapenean berdintsu daude talde biak —Billabona postu bat gorago eta bi puntuko alde eskasarekin— eta norgehiagoka 'polita' espero da, bi taldeok azpiko postuetatik aldentzeko duten lehia horretan.

Partidua martxoaren 17an (domeka) jokatuko da, 16:30ean hasita, Ezoziko futbol zelaian.


Gainontzeko taldeen partiduak (aurkaria, tokia, ordua) Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.