Goizean goizetik demaseko zaparrada egin arren, epaileak partiduari hasiera eman orduko guztiz atertu eta argi izpi gutxi batzuk heldu ziren Ezoziko futbol zelaira, azken aldiko bolada txarraren amaieraren seinale, agian.
Partidua hasi orduko ez zuen erraztasunik izan ordea, ez talde batek, ez besteak. Batetik zelaia urak hartuta zegoelako oraindik, eta baloi azkar eta iheskorrarekin jokatu behar zutelako; bestetik, sailkapenean postu bakarreko aldea izanda, gogo eta aldarte berdintsuarekin zelairatu zirelako, eta halaxe jokatu ere.
Lehen zatiaren amaierara arte ez zen alderik igarri, baina pixkanaka hasi zen gailentzen Sora eta atsedenaldirako hamar minutu falta zirela egin zuen lehen gola Mikel Oregi Letu kapitainak. Zumaiakok, baina, kontran egin eta bost minutu eskasera lortu zuen berdinketa. Hala, aurrekoan jokatutako partiduaren 1-1arekin akorduan joan ziren mutilak aldagelara.
Bigarren zatirako, kanpokoak —egin berri zuten golaren eraginez-edo— indarberrituta irten zirela zirudien, baina Sorak etsi ez eta geroz eta aukera gehiago sortzen hasi zen. Azkenean, Danier Rolando Flores Rolanek lortu zuen bigarren gola (69'); eta, oraingoan ere titular jokatu arren, bukaeraraino itxaron zuen Bienvenue Biokou Bio aurrelariak Soraren garaipena ziurtatzeko, beste bi aldiz sareratuz baloia (71', 88').
Talde guztien emaitzak eta egutegia Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.