Bolada txarrari buelta emateko aukera du Sorak bihar

Erabiltzailearen aurpegia Ander Gomez 2024ko mar. 1a, 08:00

Mikel Oregi 'Letu' kapitaina taldekideak animatzen, Mondraren kontrako partiduan.

Sorako Gorengo mailako mutilek Zumaiako FT B taldearen kontra jokatuko dute asteburu honetan ospatuko den 21. jardunaldian. Partidua zapatuan izango da, 16:30ean, Ezoziko Futbol Zelaian.

Ilintxa SD taldearen aurka galdu zuen Sorako Gorengo mailako taldeak pasa den asteburuan, Legazpin. Bost gol jaso zituen kontran eta, saiatu arren, ezin izan zuen bat bera ere egin partidua amaitu aurretik.

Emaitza honekin eta urte hasieratik izandako porrot zein berdinketekin, nabarmen egin du behera taldeak sailkapenean, bukaerako bost postuetara iritsiz.

Pos. Taldea Punt.
1 MONDRAGON C.F. 49
2 EUSKALDUNA ANDOAINDARRA S.D. 37
3 URKI C.D. 37
4 ALOÑA MENDI 36
5 ILINTXA S.D. 35
... ... ...
12 SORALUZE C.F. 22
13 ZUMAIAKO F.T. B 18
14 BERGARA K.E. B 16
15 ARETXABALETA K.E. UDA B 16
16 ANTZUOLA K.E. 14

Azken emaitzak txarrak badira ere, egoerari buelta ematea posible dela erakusten dute datuek, orokorrean alderatuta.

Ikuspegi orokorra lagun

Ilintxaren kontra 5-0 galdu dute, baina laugarren jardunaldian euren kontra jokatu zutenean 4-1 irabazi zuten. Asteburuan aurkari duten Zumaiakoren kasuan, aurrez jokatutako norgehiagokan gol bana sartu zuten biek eta emaitza aldetik ere berdintsu dabiltza azkenaldian (sailkapenean Sora baino postu bat beherago dago, lau puntuko aldearekin).

Guzti horren gainetik, etxean lortzen dituzten emaitza bikainak hartu behar dira kontuan. Bolada txar honetan ere, aipatzekoa da sailkapenean lidergo garbia eta 17 partidutik 16 irabazita zeuzkan Mondragon taldearen aurka berdintzea lortu zutenekoa, azkenengo minutuan 2-2 utziz margailua eta etxeko partidu zailenetan emaitza bikainak lortzeko duten berezko sen hori erakutsita.


Talde guztien emaitzak eta egutegia Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.