Otsailaren 18an, domekan, Ezoziko futbol zelaian jokatu zuen Sorak 19. jardunaldia, Azkoitiko Anaitasuna B taldearen kontra. Galtzen amaitu zuten arren, hasiera bikaina izan zuten etxekoek:
Bienvenue Biokou Biok estreinatu zuen markagailua. Bigarren zatian sartu eta partiduak biziberritzeko rola izan ohi du aurrelariak baina, oraingoan, titular zelairatu eta bost minutu eskasera egin zuen gola. Buruz sareratu zuen baloia, Beñat Goenagaren asistentziarekin. Handik gutxira, 23. minutuan, Mikel Oregi Letuk lortu zuen bigarrena, Goenagaren beste asistentzia batekin.
Anaitasunak lehen zatia amaitu aurretik gola lortu bazuen ere, etxekoen aldeko markagailu erosoa zirudien 2-1a. Baina bigarren zatia hasi eta berehala egin zuten bigarrena azkoitiarrek, markagailua berdinduz. Hortik aurrera, partidua benetan zaildu zen Sorarentzat.
Berdinketa mantentzen saiatu ziren denbora luzez baina, 80. minutu aldera, beste bi gol jaso zituzten segidan, partidua 2-4 markagailuan utzita epaileak txistua hiru bider jo zuen arte.
Asteburuko emaitza guztiak
Informazio gehiago Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.