sora 2 - mondra 2

Garaipena balitz bezala ospatutako berdinketa

Erabiltzailearen aurpegia Ander Gomez 2024ko urt. 29a, 11:02

Sailkapenean bigarren eta hirugarren dauden taldeen kontra galdu ostean, 1. postuan dagoen eta partidu bakarra galdu duen Mondraren aurkako hitzordua zuen Sorak asteburuan, Ezozin. Irabazten hasi arren, arrasatearrak gailendu ziren bigarren zatian; baina hiru puntuak 'kendu' zizkieten etxekoek, luzapen denborako azken minutuan egindako golarekin.

Urtarrilaren 27an, zapatuan, Mondragon CFren aurka jokatu zuten Sorako Gorengo mailakoek, Ezoziko futbol zelaian.

Denboraldiko partidu zailenetakoa izan arren, bikain hasi ziren etxekoak, gola lortuz lehen ordu laurdenean: Aurkariez inguratuta eta oratuta zegoen Jon Ander Reciok, besoak mugitu ezinda baina hankak libre, baloia sarera jaurtitzea lortu zuen, justu erori aurretik (argazkietan ikusgai). Hortik aurrera ere, erasoaldi eta defentsa sendoak mantendu zituzten etxekoek atsedenera arteko jokoan.

Bigarren zatia konplikatuagoa espero zen, eta hala izan ere: Gogor eta irabazteko asmo garbiarekin irten zen Mondra aldageletatik. Nabarmentzekoak 54. minutuan langan jotako jaurtiketa eta 64. minutukoa, Mikel Oregi Letuk ate zain marratik bertatik urruntzea lortu zuena. Handik bi minutura lortu zuten gola arrasatearrek (1-1 markagailuan) eta partiduaren 90 minutuak betetzear zirela egin zuten bigarrena, sailkapenean merezitako lehenengo postua dutela erakutsiz.

Epaileak 5 minutuko luzapena iragarri zuen, eta hiru puntuak Arrasatera joatear zirela, azken minutuan ateratako kornerra gol bihurtu zuen Letuk, pasa den astean Sorarekin debutatu zuen Ion Varelaren asistentziarekin. Garaipena lortu balute bezala ospatu zuten berdinketa, bai jokalariek, bai tabernan zein harmailetan zeuden zale guztiek.

Asteburuko emaitza guztiak

Informazio gehiago Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.