IGOERA FASEA

Sora lider jarri da

Erabiltzailearen aurpegia Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 6a, 19:18

Gaur, zapatua, Sorak jauzi garrantzitsua egin du Igoera faseko sailkapeneko lider jarri baita. Arratsaldeko norgehiagoka 1-2 irabazi dio orain arte lider zen Idiazabali, Barrutiaren eta Urkiriren golei esker. Gainera, sailkapenean bigarren zegoen Zumaiakok galdu egin du bere partida. Horrenbestez, Sora lehen postuan kokatu da eta une honetan, Gorengo mailan legoke. Sorak 60 bat herrikideren babesa izan du gaur Idiazabalen. 

Emozioz betetako partida bizi izan dute gaur Idiazabalera joan diren 60 bat soraluzetarrek. Norgehiagoka hasi eta berehala, 7. minutu inguruan gola egin du Idiazabalek, markagailuan aurretik jarriz. 

Baina, etsi barik eutsi eta 24. minutuan, Aitor Barrutiak Soraren lehen aukera garbia sortu du eta hortik bost minutu eskasera Barruk berak sartu du etxeko taldearen lehen gola. 29. minutua zen. Hortik aurrera, minutuak pasatuz joan dira eta bana berdinduta erretiratu dira bi taldeak aldageletara.

Bigarren zatian, berriz, zelairatu eta laster jarri da markagailua Soraren alde, 5. minutuan egin baitu Iker Urkirik Soraren bigarren gola. Partidako azken gola ere izan da huraxe, nahiz eta 16. minutuan Antxon Zubiaurrek eta Bienvenue Biok sortutako jokaldian beste gol-aukera bat izan eta Biok beste aukera bikain bat izan duen 37. minutuan. 

Lehen postuan

Kontuak kontu, gaur, Sorak 1-2 irabazi dio liderrari eta gainera, Zumaiako, sailkapeneko bigarrenak 2-5 galdu du Antigua-Luberriren kontra. Horri esker, asteburu honetan Sora lider jarri da Igoera fasean eta beraz, berriro ere Gorengo mailan legoke txapelketa orain bukatuko balitz.  

Baina bi partida falta dira Igoera fasea bukatzeko. Soraren kasuan, datorren domekan, etxean jokatuko du, orain laugarren den Zestoaren kontra. Eta azkeneko norgehiagoka, berriz, Zumaian dauka, orain, sailkapenean hirugarren dagoen Zumaiakoren kontra. 

Argazkiak, bideoa eta informazioa: Gorka Zubiaurre eta Alaine Arruabarrena.

Erlazionatuak