Zuriz jantzita zelairatu da gaur Sora, Lazkaokoen kolore berdeak eraginda. Igoera fasea bukatzeko lau partidaren faltan, puntu guztiak ezin baliotsuago direla jakinean. Eta sariarekin bueltatuko dira etxera.
30. minutuan korner baten ondotik egin du lehen gola Mikel Oregi Letuk, lehen zatiko gol bakarra. Baina gehiagoren gosez geratuta-edo, atsedenalditik bueltan, segituan, bigarren zatiaren 1. minutuan sartu dute Sorakoek bigarrena Bienvenue Bio-ren eskutik eta 4.minutuan, berriz, Letuk hirugarrena egin dio Lazkaori.
Baina Lazkaok ere zerbait nahi eta 18. minutuan Soraren atea zulatu dute, markagailuan 1-3koa jarriz. Dena den, Sorak ez dio laga urrutirago ailegatzen, ze minutu eskasera egin du Letuk bere gaurko hirugarrena, hat-tricka.
Horrekin gutxi ez, eta partida errematatzeko 37. minutuan Antxon Zubiaurrek Soraren bosgarren eta azken gola egin du, polita, ikusleen esanetan.
Igoera faseko gainerako taldeen emaitzen faltan, bada, Sorak egin du berea, bikain egin ere.
Argazkiak eta informazioa: Alaine Arruabarrena.