Domekan banatuko dituzte Sorako albumak eta lehen kromoak

Erabiltzailearen aurpegia Ubane Madera Zangitu 2022ko aza. 22a, 10:06

Domekan, azaroaren 27an, banatuko dituzte Soraluze Futbol Taldearen kromo bilduma egiteko albumak. 12:00etan da hitzordua, Kontzejupean. Albumak pertsonalizatutakoak izango dira; hala ere, jokalariak ez direnendako ere badaude albumak doan. Horrekin batera, bildumako lehen kromoak salduko dituzte domekan bertan, eskaintza berezian: 18 kromo-zorro 20 euroan, repe barik. Eta Sorako materiala (arropa eta beste) erosteko aukera ere izango da.

Soraluze Futbol Taldeak izango duen kromo bilduman, 169 lagun azaltzen dira, jokalariak, entrenatzaileak, delegatuak eta beste, guztiak ere, Sorakoak. Domekatik aurrera hasi ahalko da haien bilduma egiten, orduantxe banatuko baitituzte albumak.

Soratik esplikatu dutenez, Sorako kide bakoitzak album pertsonalizatua izango du eta doan emango diete, domekan, 12:00etan, Kontzejupean. Gaineratu dute jokalariak ez direnendako ere badirela albumak, haiendako ere doan. 

Kromoen eskaintza berezia

Halaber, albumak banatzeaz aparte, lehen kromoak salduko dituzte Sorakoek eurek. Eskaintza berezia izango da, 18 kromo-zorro 20 euroan, repe barik. Ume bakoitzak eskaintza horietako bakarra eskuratu ahal izango du domekan. Gainera, eskaintza eskuratzen duenak opari zuzenak eskuratuko ditu. 

Behin domekako banaketa eta salmenta eginda, herriko saltokietan erosi ahal izango dira Sorako kromoak, 1,20 euroan paketea. Pakete bakoitzak 6 kromo ekarriko ditu. Albumak, berriz, guztira, 247 kromo izango ditu. Sorak iragarri duenez, albumak bukatzen dituztenendako ere opariak izango dira.

Bestalde, domekan album banaketarekin batera, Sorako materiala erosteko aukera ere emango dute.