Ahalegin handia eta aukera asko, baina zorterik ez

Atzo, zapatua, Sorako Erregional mailako taldeak 1-2 galdu zuen Eibartarrak taldearen kontra. Gogotik saiatu ziren etxeko mutilak. Presio handia eragin zieten armaginei eta gol aukera asko izan zituzten, baina zutoinak batetik eta atezain eibartarraren geldialdiak bestetik, etxekoen gol bakarra igo zen kontagailura. Eibartarrak, berriz, penalti bati esker aurreratu ziren eta gainera partidaren luzapenean egin zuten 1-2koa. Horrek are amorragarriago egin zuen hiru puntuak galtzea.

Hasierako minututik ahalegindu ziren Sorako jokalariak eibartarren atea zulatzen. Ekin eta ekin, gogotik presionatu zuten kontrakoen area eta behin eta berriro errematatu zuten. Halako batean, baloiak langan jo eta ondorengo jokaldian baloia ate barrura sartu zuten Sorakoek, baina epaileak jokoz kanpo seinalatu eta gola ez zen markagailura igo.

Atsedenaldira arte, bide horretatik egin zuen partidak. Sora presionatu eta presionatu ibili zen, baina markagailuak zeroan segitu zuen. Halaxe bete ziren lehen 45 minutuan.

Penaltia eta berdinketa

Atsedenalditik bueltan okertu zitzaien norgehiagoka etxekoei. 57. minutuan Soraren kontrako penaltia seinalatu zuen epaileak eta Eibartarrrak taldeak gola gauzatu zuen hari esker.

Dena den, amore ematetik urrun, Sorak behin eta berriro presionatzen jardun zuen eta gol aukera garbiak sortu zituen, baina ez zuen zorterik izan, harik eta 70. minutuan, Borjaren eskutik berdinketa lotu zuen arte.

Luzapenean gola

Orduantxe zoratu egin zen partida. Ekipo bata zein bestea, berdinketarekin konforme ez, eta, erasoaldiari eutsi zioten, 90. Minutura arte. Baina luzapenean, Soraren eraso baten ondoren etorritako eibartarren kontraerasoan 2. Gola sartu zioten Sorari eta markagailu horrekin amaitu zen partida.