Datorren hau, asteburu garrantzitsua da Sorarendako. Batetik, Erregional mailako taldeak zapatuan hasiko du 2022-2023ko liga. Zumaiako FT B taldea izango du aurrez aurre estreinaldiko partidan. Aurten, kategoria berrian jardungo du talde nagusiak eta horren ondorioz, aurkariak ezezagunak izango ditu etxeko taldeak. Zapatuko norgehiagoka 16:30ean hasiko da.
Jubenilak eta kadeteak
Nagusiez aparte, Sorako jubenilek eta kadeteek ere izango dituzte hitzorduak asteburuan. Jubenilek zapatuan jokatuko dute, Alustiza-Seguran, hango Segura Goierri KE taldearen kontra. 11:45ean da partida. Kadeteek, berriz, domekan jokatuko dute Zumarragako Argixaon, hango Urola KE taldearen kontra. 11:00etan da hitzordua.
Domekan, aurkezpena
Azkenik, domekan, Sorako jokalari guztiek bat egingo dute Ezoziko futbol zelaian, orduantxe egingo baitute 2022-2023 denboraldian jardungo duten talde guztien aurkezpena: benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak, jubenilak eta nagusiak. 16:00etan hasiko da aurkezpen ekitaldia eta halakoetan ohi denez, besteak beste, talde argazkiak aterako dituzte. Aurten, 166 ume-gaztek eman du izena Soran.