Atzo, martitzena, Sorako Futbol Eskolako batzarra izan zen, aurtengo egutegia, kuotak, neurriak eta oinarrizko informazioa gurasoei helarazteko.
Jakinarazitakoen artean, deigarriena izan zen Sorak kromo bilduma aterako duela aurtengo udazken aldera, jokalariena zein entrenatzaileena, 2014an egin zuen moduan. Orduko hartan, arrakasta handia izan zuen ekimenak eta taldearendako irabazi ekonomiko askorik izan ez arren, zeresan handia ekarri zuen bildumak eta jokalarien artean ilusio handia piztu zuen.
Talde aurkezpena
Horrez aparte, atzoko batzarrean jakinarazi zutenez, irailaren 25ean, domeka, egingo dute Sorako talde guztien aurkezpena, 16:00etan, Ezoziko Futbol Zelaian. Urriaren 3an, berriz, hasiko dira futbol eskolako entrenamenduekin eta besteak beste, esan zuten, aurten, COVID neurriak bertan behera lagata daudenez, ezin izango dela harmailetan arropaz aldatu, aldageletan, baizik.
Horrekin batera, oro har, Soraren filosofia nagusia zein den azpimarratu zuten: futbolean ondo pasatzea euskaraz, elkarbizitzako baloreetan oinarrituta eta elkarren arteko errespetua zainduta.