Futbol eskolakoendako batzarra

Sorako Futbol Eskolak jakinarazi du datorren martitzenean, irailaren 13an, batzarra egingo duela 2011 eta 2014 urteen artean jaiotako umeen gurasoekin. 18:30ean da hitzordua, kiroldegiko areto nagusian. Bestalde, aurten, bigarrengoz, deia egin dute erabilitako futboleko botak eraman daitezen, berrerabiltzeko.

Ikasturte hasierako bileran ohi duenez, Sorako futbol eskolako ordezkariek 2022-2023 denboraldiko egutegiaren, kuoten, entrenatzaile berrien eta oro har, informazio orokorraren berri emango diete gurasoei martitzeneko batzarrean. Arropa banaketa ere egin nahi dute egun berean.

Botak berrerabili

Halaber, esan dute aurten ere futboleko botak berrerabiltzeko egitasmoa gauzatu nahi dutela futbol eskolan. “Iaz abiarazi genuen soberan dauden botak eta txiki dituztenak ekarri eta behar dituztenei emateko proiektua. Gutxi ekarri ziren, baina funtzionatu zuen, beraz, aurten ere egingo dugu hori”.  Hori horrela, dei egin diete gurasoei aurten erabili behar ez dituzten botak futbol eskolara eraman ditzaten.