Denboraldi berriari begira

Sorako jubenilak zapatuan, Ezozin. Argazkia: Jon Agirre.

Sorako talde nagusia eta jubenil mailakoa hastear den liga txapelketari begira lanean ari dira dagoeneko. Asteburuan, lagunarteko bana jokatu eta irabazi egin zuten biek ala biek, Erregional mailako taldeak entrenatzaile berriekin. Bestalde, Sorako talde guztien aurkezpena prestatzen ari dira hil honetan egiteko.

Berritasunekin ekingo dio 2022-2023 denboraldiari Sorako Erregional mailako taldeak. Batetik, entrenatzaile berriak ditu: Toño Galeano elgoibartarra eta Manu Caballero soraluzetarra. Galeanok, elgoibartarra izan arren, badu eskarmentua Soran, jokalari zein entrenatzaile modura.

Nagusien taldeak irailaren 24an ekingo dio liga txapelketari. Hasita daude entrenamenduekin eta joan den zapatuan lagunartekoa jokatu eta irabazi egin zuten, Gernikan.

Jokalariak

Entrenatzaile berriez aparte, jokalarien artean ere badira aldaketak. Soratik jakinarazi dutenez, aurten, nagusien taldeko iazko jokalariekin batera, jubenil taldeko sei jokalarik osatuko dute taldea. Osterantzean, hainbat jokalarik laga egin dute ekipo nagusia baina “Plazentziako bloke denak” jarraitu egiten du.

Jubenilak eta kadeteak

Gainerako taldeei dagokienez, berriz, Jubenil mailakoa Jokin Arrillagak entrenatuko du. Irailaren 17an hasiko dute liga txapelketa. Kadeteak, berriz, Aitor Gomezek entrenatuko ditu eta irailaren 24an hasiko dute liga.

Infantiletan bi talde

Infantilei dagokienez, Sorak bi talde izango ditu maila horretan datorren denboraldian: “Asko ziren eta bi talde osatu ditugu; Bergarako taldetik bospasei jokalari ekarri ditugu eta haiekin osatu dugu beste talde bat”. Infantilen entrenatzaile izango dira Victor Perez eta Urko Ruiz eta urrian hasiko dute denboraldia.

Azkenik, Futbol Eskolari dagokionez, ekimen hori ere laster hasiko da martxan.