Biharko puntuen beharra du Sorak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluze Futbol Taldea 2022ko mar. 18a, 20:34

Bihar, zapatua, Mundarro taldearen kontrako partida jokatuko du Sorako gorengo mailako taldeak, Ezoziko Futbol Zelaian, 16:30ean. Hitzordu garrantzitsua dela azpimarratu du Ivan Rodriguez entrenatzaileak. Orain jokatzen diharduten Kopako txapelketan zortzi partida besterik ez daude eta orain arte jokatutakoetan, garaipen bakarra eskuratu dute. Sorako entrenatzaileak herritarrak animatu ditu bihar futbol zelaira joan daitezen taldeari babesa erakustera.

Otsailean hasi zuten Kopako txapelketan, “astero asko” dagoela jokoan azpimarratu du Ivan Rodriguez Sorako entrenatzaileak. Txapelketa horretan zortzi partida besterik ez dira eta lehian dabiltzan futbol taldeak mailaz antzera daude. Hori horrela, partidak “detalleetan” erabakitzen direla azpimarratu du hark. 

Biharko norgehiagokari dagokionez, Mundarro talde ezezaguna da Sorarentzat, beraz, ez dakite “zer aurkituko” duten. Baina irabaztea komeni zaie. Orain arteko partidetatik, garaipen bakarra eskuratu dute. Beraz, biharkoari buruz galdetuta, “irabazten badugu ondo, baina irabazten ez badugu ez hain ondo”, dio entrenatzaileak.

Maila galdu

Izan ere, garaipenik eskuratu ezean, beheko postuetara gerturatzen joango litzateke Sora, eta, Kopako txapelketan, azken biek maila galduko dute. Ondorioz, “ideia da azken postuak utzi egin behar ditugula”, esan du Rodriguezek.

Sorak datorren asteburuan jokatuko du Kopako txapelketako lehen bueltako azken partida. Gero, Aste Santuaren ondoren jokatuko dituzte azken norgehiagokak, bigarren bueltakoak. Azken lau partidetatik hiru etxean jokatuko dituzte eta hori etxekoen aldeko da, baina entrenatzaileak azpimarratu du komeni dela bigaren buelta horretara puntuekin ailegatzea bestela “presio handia” izango litzatekeelako, nahiz eta etxean jokatu.

Hori horrela, biharko partidari begira, herritarrak futbol zelaira bertara daitezen animatu nahi ditu. “Ea ipintzen duten saltsa pixka bat. Zerbait behar dugu”.