Gure gizartean, historikoki, zaintzaren lana emakumeek bere gain hartu behar izan dute, aitorpenik, soldatarik eta askotan baldintza duinik gabe. Egun ere, zaintzak sektore feminizitatuenetakoa eta lan eremu prekarizatuenetakoa izaten jarraitzen du, eta guzti hori ez da kasualitatea. Ezin ditugu zaintza lanen baldintzak ulertu gizartea zeharkatzen dituzten desorekak kontuan hartu gabe. Izan ere, luzaroan, kapitalismoak eta patriarkatuak sistemaren bazterkeria sexualak, arrazistak eta klasistak erabili izan dituzte zaintza lanak esplotatu, ezkuta eta pribatizatzeko, etekin ekonomikoen menpe jarriz.
Horrez gain, azken urteetan osasun sistema publikoaren hustutzeak eta biztanleriaren zaharkitzeak zaintza ereduak berpentsatzearen beharra atzeraezin bilakatu dute. Etorkizuneko zaintza berriek pertsona erdigunean jarri behar dute, pertsona guztiek zaintza jaso eta emateko duten eskubidea bermatu ahal izateko.
Horregatik, Soraluzeko EH Bildu udal taldeak zaintzaren eskubide kolektiboa aldarrikatu nahi du. Zaintzak ezin du familiaren eremuan eta arlo pribatuan jarraitu. Zaintza zerbitzuen gobernantza eredu berriak garatu behar ditugu, politika publiko sozialetan sakonduz. Guri dagokigun eremuan, Soraluzeko udaletik ere bide horretan pausoak ematen jarraituko dugu.
Horrenbestez, eta elkar zaintzen duen gizarte justuago, bizigarriago eta parekideago baten sinisten dugulako, EH Bilduko udal taldeko kideok azaroaren 30eko grebarekiko gure atxikimendua azaldu nahi dugu eta egunean zehar deitutako ekimen eta aldarrikapenetan parte hartuko dugula adierazten dugu.