IRITZI ARTIKULUA

Geltoki intermodala, Maltzagan, EH Bilduren proposamena

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu 2022ko uzt. 20a, 14:40

Azken egunotan, berriz ere, ikusi ahal izan ditugu herriko webgunean garraio publikoaren erabiltzaileek egindako kexak, autobus zerbitzuari buruzkoak. Gaia ez zaigu arrotza egiten; arazo errepikatua da, atsekabeen eta haserrealdien gorakada ziklikoekin.

Garraio publikoak herritarrei eskaini beharko lizkiokeen bermeen artean, besteak beste, hauek beharko lirateke: hirien arteko eta eskualdeen arteko konektibitatea hobetzea; zerbitzuak eskuratzeko aukera izatea (mugikortasuna); herritarrek leku batetik bestera mugitzeko denbora murriztea (eraginkortasuna), airearen kutsadura erraztea edo gutxitzea… Horrela diote, behintzat, horretan dabiltzan adituek.

Ez eraginkorra eta ezta nahikoa ere

Herrian daukagun garraio publikoa, ostera, ez da eraginkorra eta ez da nahikoa; ez ditu herritarron beharrak asebetetzen. Alde batetik, ospitalerako eta kostaldeko herrietarako zerbitzua dugu; eraginkorra bada ere, urria da, eta ez du zerbitzu jakin batzuetarako sarbidea errazten. Bestetik, eskualdeko herrien arteko pertsona-fluxuari erantzun behar dion zerbitzua daukagu; ezin irudikatu eraginkortasun txikiagoa izango duen beste zerbitzurik.

Urtean zehar, lanera edo ikastera, 5 km-ra dagoen ondoko herrira  iristeko (Eibarrera), ordurako iristeko, behintzat, ordubete lehenago atera behar gara etxetik. Esango dute badaukagula ordu erdiroko zerbitzua; baina 15-20 minutuko atzerapena da ohikoena, 10etik  9 alditan. Egongo da erabiltzaileen artean, zeinek, etsituta, egoera hau berretsiko duen.

Uda iritsi den honetan, berriz, zer esanik ez, hiribururako bidaiari kopurua handitzen denez,  gure herriko jendeak aukera gutxi dauka, hara, garraio publikoan joateko; autobusean nahiko eserleku ez dagoelako edo, besterik gabe, aurreko herrietan beteta, guretik igaro ez delako. Ez dio inporta arratsalde pasa, medikuarengana edo hospitalera bazoiaz ere.

Planifikazio eza

Horiek guztiak planifikazio okerrari dagozkiola esan daiteke edo planifikazio ezari.  Erabiltzaileari arreta gutxi ematen zaio  eta funtzionamendu txarra ezkutatu egiten da;  ez diote jaramonik egiten erabiltzaileek, hainbestetan, egindako kexei. Beste gauza askorekin batera, garraio publikoa sustatzea ez dirudi lehentasunezkoa gure herrian eta eskualdean.

Daukagun gabezi hori, ordea, zerbitzua ematea eta eraginkortasun falta horietatik haratago doa; arazoa egiturazkoa da eta  ezinbestekoa irizten diogu Debabarrenako eskualdean kalitatezko konektibitatea bermatuko duten azpiegiturak hobetzeari. 

Beharrezkoa da eskualdeko mugikortasuna hobetuko duen proiektu estrategiko bat garatzea. Eragile desberdinen arteko adostasuna izango duen proiektu estrategiko horrek eskualdeko konektibitateak behar dituen azpiegiturak eta garraio publikoaren hobekuntzarako proposamenak jaso beharko ditu; eta, besteak beste, hirien arteko zein eskualdeen arteko konektibitatea hobetzea, zerbitzuak eskuratzeko aukera ematea (mugikortasuna) eta herritarrek leku batetik bestera mugitzeko denbora murriztea (eraginkortasuna) izan beharko ditu helburu, gutxienez.

Tren geltokia berriro martxan

Proiektu estrategiko hori  gauzatu liteke, eskualdearen erdian, geltoki intermodal bat eraikita Maltzagan; tren geltokia berriro martxan jartzea proposatuko dugu, autobus geltoki duin batekin batera. Geltoki horrek autobus- bidaiarien garraio publikoa eta tren-bidaiarien  garraio publikoa uztartuko lituzke,  bien artean,  geltoki intermodala osatuta. Bertan, ibilbide laburreko eta luzeko lineak eta trenbidekoak elkartuko lirateke, Debabarrena eskualdearen barne-mugikortasuna ez ezik, beste lurraldeekiko lotura ere erraztuz eta modu eraginkorrean lotuz. Geltoki honen potentziala handituko litzateke Soraluze-Maltzaga bidegorria osatuta, Maltzagan kotxeentzat aparkalekuak ipinita (kotxeak partekatzeko edota garraio publikoa hartzeko.

Hori da, hain zuzen ere, Debabarreneko EH Bilduko zinegotziok, egun, garatzen ari garen proiektuetako bat, Geltoki Intermodala, Maltzagan, eskualdeko mugikortasuna hobetzeko proiektu estrategikoa, urrian, Legebiltzarrean egingo den Debabarreneko ponentziaren barruan aurkezteko.

Oinarrizko zerbitzuak ziurtatu

Zalantzarik gabe, daukagun garraio publikoaren eraginkortasuna exijitu behar diegu zerbitzuaren arduradunei; baina, era berean, ezinbestekoa irizten diogu Debabarrenan kalitatezko konektibitatea bermatuko duten azpiegiturak hobetzeari. 

Soraluze soraluzetarrontzat erakargarria izango bada, funtsezkoa izango da herritarrentzako oinarrizko zerbitzuak ziurtatzea eta, horien artean, ondoko herriekin eta hiriburuekin elkar lotuko gaituen kalitatezko garraio publiko lortzea lehentasunezkoa da.

Ezin izan bizitzeko erakargarria zerbitzurik oinarrizkoenak asetuta ez daukan herria.