Ostalaritzaren sektorearendako laguntzak beharrezkoak dira

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Soraluze 2020ko aza. 6a, 14:59

Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren hedapena geldiaraztea helburu duten neurriak ezagutu ostean, EH Bilduk azpimarratu du edozein neurri murriztailek sektore kaltetuenentzat laguntzak izan behar dituela beti ondoan. Oraindik ez da horrelakorik gertatu.

EH Bilduk argi dauka tamaina honetako larrialdi egoera batean osasuna izan behar dela lehentasun bakarra. Eta azpimarratu du osasunik gabe ez dagoela ekonomiarik. Neurri murriztaileekin bakarrik ez da lortuko arazoa konpontzea. Lehenengo agerraldian, ezker subiranistak berretsi zuen atera beharreko ikasgai nagusia zela beharrezkoa dela osasunean eta zerbitzu publikoetan inbertitzea. Azken hilabeteotan ez da horrelakorik gertatu. Oinarrizko gizarte-zerbitzuetan aurreikuspenik eta inbertsiorik egon ez denez, pandemiari eta horrek sortzen dituen ondorio sanitario, sozial eta ekonomikoei aurre egitea asko zailtzen ari da.

Herri honek parean daukan erronka oso handia da, azken hamarkadetako handienetakoa. Bizi dugun larrialdi honen aurrean, auzolanean elkarrekin lan egin behar da. Hori dela eta, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Urkullu lehendakariari eskatu die ahalik eta lasterren sor dezatela sektorearteko mahai bat, eragile instituzional, politiko, ekonomiko, sozial eta sindikalek parte har dezaten, gaian adituarekin batera, pandemia honek eskatzen dituen irtenbide guztiak denon artean bilatzeko helburuarekin. Ildo horretan, gogorarazi du Alarma Egoera Estatuari eskatzearen erabakia Urkulluk bere kabuz hartu zuela, oposizioko alderdiekin hitz egin gabe. Eta gaur hartutako neurriak ere ez dituela alderdi politikoekin kontrastatu. Herri honetan dauden indar guztiak elkartuta eta erabakiak partekatuz bakarrik atera ahal izango gara bizi dugun krisialditik.