Autobus geltokia eta herri galdeketa (II)

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Soraluze 2019ko ots. 19a, 16:08

Herritarrek argi adierazi dute ez daudela inondik inora ados EAJ eta PSEk autobus geltokia Baltegietara eramateko asmoarekin. Ondorioz, ez da oso errez ulertzen EAJ eta PSE hain pozik agertu izana galdeketak emandako emaitzekin. Ez da oso ulergarria beraiek bultzatu duten Baltegietako geltokiak 70 boto bakarrik jaso dituenean, bozken %7,92a. Beste modu batera esanda: herritarren %92-a baino gehiago Udal Gobernuaren planteamenduaren kontra azaldu da.

EHBildutik uste dugu emaitza horien aurrean mezu triunfalista bat zabaldu ordez autokritika pixkat egitea dagokiela, gobernatzen dihardutenen hainbat defizit agerian utzi dituelako galdeketa honek: alde batetik, herritarren nahiekiko urruntasuna; bestetik, erabaki tekniko sinple bat kudeatzeko ezintasun nabaria.

Defizit guzti hauek herri galdeketa batekin eta demokraziaren izenean ezkutatu nahi izan dituzte, baina galdeketaren emaitzak gobernu taldeak dituen hutsune eta ezintasunak are ageriagoan utzi dituelakoan gaude.

Gogoratu dezagun nola hasi zein hau guztia: azaroaren 22an Antzokian burutako batzarrean, Udal Gobernuak geltokia Baltegietan jartzeko erabakiaz informatu zituen bertaratutako herritarrak. Soraluzetar askok momentuan bertan azaldu zuten ez zeudela erabakiarekin ados eta alternatibak planteatu zituzten. Gobernu Taldetik, aldiz, erantzun zieten “erabakia hartuta” zegoela eta bilera “soilik informatiboa” zela. Horren aurrean, herritar askok bileratik alde egin zuten, Gobernuaren jarrerarekin haserre. Egun gutxitara, Udalak jakinarazi zuen herri galdeketa deituko zuela. Herri galdeketa hau ez zen izpiritu partehartzaile eta demokratiko batetik jaio, baizik eta hauteskundeen gertutasunaren aurrean Udal Gobernuaren aurpegia garbitzeko azken aukera bezala: udal kudeaketa kaxkarrak berak sortutako zauriari jarri nahi izan dioten tirita.

Aipatutako bileraren kronika: https://plaentxia.eus/soraluze/1542969335839-debate-handia-autobus-geltokiaren-harira