EAJ-PNV Soraluzek Udal Gobernuaren norabide eta lidergo falta salatu du eta oposizioan egiten ari den lan eraikitzailea aldarrikatu

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Soraluze 2025ko urr. 28a, 10:18

EH Bilduk plan estrategikorik eta proiektu propiorik gabe gobernatzen du, gehiengo absolutua eta baliabide nahikoak izan arren, Legealdi honetako aurrerapenak aurreko agintaldian EAJk bultzatu eta finantzatutako lanari esker iritsi dira.

Legealdiaren erdialdean, EAJ-PNVren Soraluzeko udal taldeak balantze argia helarazi nahi die herritarrei: EH Bildu bertako gobernura “Piztu Soraluze” leloarekin sartu eta bi urtera, errealitatea udalerriak plan estrategikorik gabe jarraitzen duela da, ekimenik gabe eta herriaren beharrei erantzungo dien proiektu propiorik gabe.

Gehiengo osoz kudeatu arren, alkatea eta alkateordea lanaldi osoan liberatuta eta kutxan 1,3 milioi euroko soberakinarekin, EH Bilduren Gobernuak lidergo eta kudeaketa gaitasun eza kezkagarria erakutsi du. “Aurrera egiten ez duen herri batek atzera egiten du, eta zoritxarrez, ez dugu ikusten Soraluzen ezer ‘piztu’ denik bi urte hauetan”, salatu dute EAJ-PNVtik.

Aurreko agintalditik jasotako proiektuak

Soraluze eraldatu duten eta eraldatzen jarraituko duten mugarri nagusiak EAJren aurreko kudeaketatik datoz, funtsezko proiektuen finantzaketa diseinatu, adostu eta ziurtatu baitzuen. Horien artean, hauek nabarmentzen dira:

   • Etxaburuetako ur-parke berria (150.000 €).

   • SAPAren erabilera anitzeko estalkia (1,19 milioi €).

   • Gabolatseko zubi berria, URAk finantzatua (1,88 milioi €).

   • Plaentxi herri ikastetxe publikoko igogailu panoramikoa (777.000 €).

   • Ezozibidearen birsorkuntza integrala gauzatze bidean da Eusko Jaurlaritzatik lortutako 5,8 miloiei esker.

   • Pascual Churrucan babes ofizialeko 29 etxebizitza eraikiko dira 2026. Urtean (3,5 milioi €).

   • Tokiko komunitate energetikoa sortzea eta hedatzea herritarrei kide izateko aukera emanez, udal-titulartasuneko eraikinetan eguzki-plakak instalatuta (frontoiaren, San Andresen eta futbol-zelaiko harmailen estalkietan). 247.000€

   • Auzo desberdinetan (Olea, Zeleta, Atxuri eta Mendiolako poligonoa) kaleak eta asfaltatuak berritzea, 48.000 €.

   • Foru-laguntza duten udal-lurretan 1.320 zuhaitz landatzea, 47.000 €

   • Baltegieta kaleko galtzadarria berritzea, 96.000 €

Dagoeneko martxan edo amaituta dauden proiektuak dira, eta erakusten dute plangintza, lan serioa eta akordio instituzionalak daudenean, herriak aurrera egiten duela.

EAJ-PNVren lana oposiziotik

Oposizioan egon arren, udal talde jeltzaleak erantzukizunez eta konpromisoz lan egiten jarraitu du, batzordeetan, osoko bilkuretan eta aurrekontuetan ekarpenak eginez, helburu argi batekin: soraluzetarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea.

EAJ-PNVk proposamen zehatzak aurkeztu ditu irisgarritasunari, aparkalekuak sortzeari, aisialdirako gune berriei, mugikortasun-proiektuei (Olabarrenako zubia) edo Baltegietako hobekuntza-planari dagokienez. Horrez gain, Soraluze garbiago bat defendatu du, zerbitzu hobeekin eta zaintza komunitarioko eta pertsonarengan oinarritutako sistema batekin.

“Oposizio eraikitzailea, arduratsua eta proposamenak dituena izaten jarraituko dugu, Soraluzek aurrera egitea eta etorkizunari anbizioz begiratzea merezi baitu. Ezin gara konformatu udalerrirako plan estrategikorik ez duen, ekimenik ez duen eta norabiderik ez duen gobernu batekin ”, ondorioztatu dute ordezkari jeltzaleek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.