Joan den irailaren 25ean egindako Hirigintza Batzordean, EAJ-PNV Soraluzeko udal taldeak Erregetxeko orubean lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko proiektua aztertzea eta eztabaidatzea proposatu zuen.
Errealitatea argia da: Soraluzek aparkaleku gabezia nabarmena du, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak plaza berriak eraikitzeko hiru gune aurreikusten ditu: Kanoik eremua ( SAPA), Olaldea eta Erregetxeko orubea. Lehenengo biek hirigintza-garapen luzeagoa behar duten bitartean, Erregetxe epe laburreko benetako alternatiba gisa aurkezten da.
Jeltzaleen proposamenak helburu bikoitzari erantzuten dio. Alde batetik, 120 ibilgailurentzako gutxieneko edukiera duen bi solairuko lurpeko aparkaleku bat eraikitzea. Bestalde, egun aparkalekuak dauden azalera berreskuratzea oinezkoentzako espazio publiko bat sortzeko, bizilagun guztien erabilerarako eta gozamenerako, hainbat zerbitzurekin, hala nola parkeekin, berdeguneekin edo bankuekin.
Iker Aldazabal udal bozeramailearen hitzetan, “proiektu honek hirigune historikoaren barruko esparru estrategiko bat berrantolatzea eta biziberritzea ahalbidetuko luke, autoek bakarrik okupatutako azalera elkargune eta aisialdi gune bihurtuko bailuke. Erregetxe aparkaleku soila izateari utzi eta udalerrirako espazio bizia bihurtzea nahi dugu ”.
EAJ-PNV Soraluzeren ustez, ekimen horrek benetako irtenbidea emango lieke udalerriko aparkatze-arazoei, eta, aldi berean, soraluzetarrentzat espazioak berreskuratzeko atea irekiko luke, hirigune historikoko bizi-kalitatea hobetuz.