Gabolatseko zubi berriaren lanak martxan ipini ditu URA agentziak Soraluzen. Proiektu hau errealitate bilakatuko da EAJ-PNVren ekimenari esker, eta besteak beste, Iker Aldazabal, Soraluzeko alkate izan zenean, egindako lan eta inplikazioari esker.
2023 urtean zehar Soraluzeko Udalaren eta URA agentziaren arteko aldebiko elkarlana ipini zen martxan. Euskadiko uraren agentziarekin egungo Gabolatseko zubia ordezkatuko duen zubi berriren ezaugarriak eta geometria adostu ziren orduan, proiektuaren idazketa martxan ipiniz.
Laburbilduz, eraikitzen hasi den zubi berriak ez du euskarririk izango ibilguan, eta honen oinarria egungo zoruarekiko 53 cm altxatuko da. Horrela, ur-laminaren igoera nabarmen murriztuko da ur goraldietan. Zehazki, Gabolats zubia ordezkatzeak herrigune hori 50 urteko errepikatze-denborako ur goralditik babestea lortuko du.
2024ko apirilaren 10ean izandako osoko bilkuran, aho batez, onartu zen Soraluzeko Udalaren eta URA -Uraren Euskal Agentziaren arteko lankidetza hitzarmena. Orain, proiektua egikaritzeko lanak martxan daude eta hauek hamar hilabeteko iraupena izango dute. 1.495.395 eurotako inbertsioa burutuko du URA agentziak, aurreko agintaldian hitzarturiko konpromezuari esker.
EAJ-PNVko bozeramailea den Iker Aldazabalek jakinarazi duen bezala “hasiera eman zaien zubi berria eraikitzeko lanei esker etorkizuneko zubiak 5 metroko zabalera izango du, 3 metro ibilgailuentzat eta 2 metro oinezkoentzat. Zabalera honi esker, ibilgailuen eta oinezkoen joan etorriak segurtasunez egin ahalko dira”. Bestetik gaineratu du, “zubiaren alboan dagoen SAPAko pabiloiaren zahar berritze lanak ere bukatu direla eta bi proiektu hauei esker, degradatuta dagoen Baltegietako eremua birgaitzeko aurrerapauso garrantzitsua emango dela”.