Ibaia garbitzera joateko deia irailaren 23rako

Erabiltzailearen aurpegia Baso Biziak Elkartea 2023ko ira. 15a, 12:01

Herritar bat ibaia garbitzen, iaz.

Soraluzeko Baso Biziak elkarteak dei egin du irailaren 23an, zapatua, auzolanean egingo den ibai garbiketan parte hartzeko. Besteak beste, Lurgaia Fundazioko adituek ere hartuko dute parte eta ibaia garbitzeaz batera, plastikoek gure ibaietan eta itsasoetan duten eragin txarrari buruz eta espezie exotikoei buruz berba egingo dute. Hitzordua 10:00etan da, Plaza Berrian eta izen-ematea zabalik dago. Mendi Taldeak, Soraluzeko Udalak eta Euskal Herriko Baso Biziak Plataformak ere bat egin dute ekimenarekin. 

Deba ibaia garbitzeko egingo den jardunaldian, ur-eremuaz gainera, Deba ibaiaren ibarra eta bertako zuhaiztiak ere garbituko dira, auzolanean. Dauden hondakinak kentzeaz gain, espezie exotiko batzuk ere kenduko dira.

Hitzordua da irailaren 23an, 10:00etan, Plaza Berrian. Ura eramatea gomendatzen dute, hamaiketakoa, berriz, antolatzaileek jarriko dute. Jantziei dagokienez, harrietatik ibiltzeko oinetako aproposak edo uretako botak (katiuskak edo badeadorea), ibaira jatsi behar bada. Goizeko jarduna izango da, bazkal ordurako amaituko dena.

Parte hartzeko izena eman behar da irailaren 21a aurretik, honako helbideetako batean: info@lurgaia.org edo soraluzekobasobiziak@gmail.com. 

Ibai garbiketarekin abiatuko du lanurtea Soraluzeko Baso Biziak elkarteak.