Batzarrean 2023an elkartetik bideratu diren ekimenen laburpena erakutsiko da ikus-entzunezko baten bitartez eta urteak emandako konturik nabarmenenak aipatuko dira. Horrekin batera, bukatu berri den Ametserantz prozesuaren inguruko balorazioa eta emaitza aurkeztuko da eta 2024rako arlo bakoitzerako proposatzen direm asmo nagusien berri ere emango da. Jarraian diru-kontuen txanda izango da eta iazko balantze ekonomikoa eta aurtengo aurrekontua azalduko dira. Azkenik, datozen bi urteetan elkarteko Zuzendaritza Batzordea osatuko duten pertsonak aukeratuko dira.
Hitzordua datorren martitzenean izango da arratsaldeko 18:30ean, Kalebarren 8ko lokalean.
Hasitakoa ontzeko garaia
Ideia berriak atera dira Ametserantz prozesuan zehar, gazteenen ahotik bereziki, eta horiei leku egingo die elkarteak datozen urteetan. Hala ere, argi geratu da 28 urteko ibilbidean, euskaltzaleek erronka berriei aurre egiteko ekimen eta proiektu ugari abiatu dituztela eta orain horiek guztiak eta elkartea bera indartu eta hobetzeko sasoia dela, egiteko moduak eguneratuz, eraginkotasunean hobetuz eta askotariko pertsona eta erakundeekin sarea zabalduz.
Apirilaren 17an, azken saio irekian, prozesuak eman duen uztaren aurkezpena egin zen eta elkartearen bisioa, misioa, baloreak eta lan-ildo nagusiak kontrastatzeko dinamikak ere gauzatu ziren. Bertaratutakoek azpimarrak egin zituzten, esaterako, ezagutza indartzeko beharra azpimarratuz, hori gabe erabileran ez baitago aurrera egiterik, eta lan-ildoak ere berrantolatu zituzten. Ondoren, guztien artean, ametsen mapa osatu zuten, bakoitzak Soraluzen euskararekiko dituzten desira eta ametsak collage eder batean irudikatuz. Collage hori elkartearen bulegoan ezarri da.
Azkenik, Domentx Uzinek eta Nagore Sanzek biolinez eta biolontxeloz intrenpretatutako musikarekin amaitu zen saioa.