Ametserantz prozesua

Ideia zaparrada handia kulturgintzan, komunikabideetan eta Kukumixon

Erabiltzailearen aurpegia Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea 2024ko api. 12a, 09:05
Kulturgintzaren saioko parte hartzaileak.

Ametserantz hausnarketarako parte hartze prozesuaren hirugarren, laugarren eta bosgarren saio monografikoak egin genituen martxoaren amaieran: kulturgintza, komunikabideak eta Kukumixo landu genituen. Saioz saio jasotako uztaren laburpentxoa jaso dugu ondorengo lerroetan. Orain arteko saioetan, guztira, 41 herritarrek parte hartu dute. Itxierako saioa datorren eguaztenean egingo dugu.

Transmisioa lantzea, ondarea ezagutaraztea eta ekimen berriak martxan jartzea proposatu dira kulturgintzarako

Elkartearen sorreratik tradizio luzeko kultur errituak ospatu eta landu izan ditugu: Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Santa Eskea, Euskal Aratosteak, Udate Gaba, Jaiak, Gaba Baltza eta Gaztañerre. Horiek hobetzeko ideia mordoxka batu genuen: pertsonaia berriak sortu, disziplina artistikoak erritu gehiagotan bateratu, transmisioan indarra jarri, mozorro prestaketa tailerrak egin… Horrez gain, proposamen berriak sortzeko aukerak ere aipatu ziren: kultur ondarea ezagutarazteko ekimenak, sormena lantzekoak, kultur proiektu komunitario berriak (herri antzerkia, adibidez) eta abar.

Komunikazio zerbitzua ezagutarazi eta bailaratzea arretaz egin beharra azpimarratu dira komunikazioan

Komunikabideen jarduna eta proposamen berriei heldu aurretik, kontsumo ohiturak partekatu genituen: papereko hedabideak, hedabide digitalak, telebista, irratia, sare sozial digitalak… Ondoren, aldizkaria, webgunea eta komunikazio zerbitzua izan genituen aztergai, horietatik gustuko duguna, hobetzeko dagoena eta ideia berriak aipatuz. Gustuetan aniztasuna agertu zen baina hobetzekoetan kontu teknikoek hartu zuten lekua. Ideietan ere aniztasuna: aldizkari zaharrekin kalera irtetzea, difusio zerrenda promozionatzea, udako argazkien lehiaketa berreskuratzea, multimedia atala bistaratzea, komunikazio zerbitzua ezagutarazteko premia eta beste. Azkenik, Debabarreneko Komunikazio Taldeak dakarren bailaratzearen aukerez eta arriskuez jardun genuen: arriskuen artean aipatu ziren herriarekiko lotura gutxitzea eta neurri horretako hedabidea elikatzearen zailtasuna eta aukeren artean berriz, ikusgarritasunean, azpiegitura eta baliabideetan zein efizientzian irabazteko aukera. 

Ideak borborka Kukumixon

2008an Kukumixo sortu zenetik gaur arte egin duen ibilbideari erreparatu genion, urtez urteko mugarriak aipatuz eta bakoitzak dituen bizipen berezienak partekatuz. Gero, bikoteka jarrita, gai askori ekarpena egiteko tartea hartu genuen. Hauexek aipagarrienak: DBH-tik aurrerako lokal komunitarioa, negulekuak berreskuratzea, hizkuntzaren erabilerari garrantzia gehiago ematea, DBHkoentzat udaleku ibiltariak herritik kanpora antolatzea, Kukumixotik pasatako hezitzaile ezberdinen arteko topaketa egitea, ekintza gehiago kalean, Kukumixoren izaera taldekideen artean landu eta taldea indartzea, formakuntza zabalagoa, gazteak hezitzaile izateko bidea prestatzea, herriko eremueri bizitasuna emateko ekintzak antolatzea eta beste ideia asko eta asko.

Apirilaren 17an, itxierako saioa

Apirilaren 17an, eguaztenean, 18:00etan hasita, Kalebarren 8an egingo dugu azken saioa. Bertan, orain arteko bost saioetan jasotako uzta aberastu eta lehentasunak adosteko aukera izago dugu. Saioaren amaieran mokadutxoa eta zuzeneko musika saio berezia izango ditugu gozagai.