Gure herrian badira lehen urteetan etxean hizkuntza bakarra ikasten dutenak, baita bi edo hiru aldi berean ikasten dituztenak ere, aniztasunaren adierazgarri. Gaur egun, euskara eta gaztelania ez diren beste hemezortzi hizkuntza ama-hizkuntza dira hainbat soraluzetarrentzako.
Gero eta hizkuntza gehiago herrian
Azken 20 urtean, lehen hizkuntza euskara eta gaztelania ez den beste hizkuntza bat daukatenak %1 izatetik %5 izatera pasatu dira Soraluzen (Eustat, 2001-2021). Munduan zeharreko hizkuntza asko iritsi dira herrira eta gero eta hizkuntza gehiago entzuten dira herriko kaleetan. Hortaz ohartuta, 2017an Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteko Auzoko aniztasun proiektuak “Soraluzeko hizkuntza aniztasuna” ikus-entzunezkoa osatu zuen.
Orduan egin zen datu-bilketari esker jakin genuen herrian 20 hizkuntza hitz egiten direla. “Hizkuntza bakoitza mundua ikusteko modu bat da, pertsonak harremanetan jartzeko modu berezitu bat, partekatzeko altxor eder bat” mezua zabaldu genuen orduan eta bat egiten dugu mezu horrekin gaur ere. Izan ere, munduan diren hizkuntza guztiek bizirik eta osasuntsu irauteak munduari eta norbanako bakoitzari onura dakarkio.