Euskarak herrian duen egoeraz galdetuta, taldeka landu genuen gaia eta ondoren talde handira ekarri genituen hainbat iritzi: euskaraz ikasteko eta egiteko aukerak badaudela (txikitatik euskaraz ikasteko aukera, zerbitzu publikoetan eta komertzio eta ostalaritzan erabiltzeko aukera…); lagun kuadriletan euskara entzuten dela; hiztun komunitate trinkotu bat badagoela baina aldi berean euskararen alde apustu sendoa egiten dutenak gutxiengoa direla; euskaltzaletasun aktiboa ez dela balioan jartzen; elkarrizketa elebidunen presentzia nabari dela; haur eta gazteek orokorrean ez dutela erabiltzen; kontzientziazioa falta dela; euskararen alde ez egotea ez dela politikoki zuzena; potentziala handia dela; sare digitala ez dagoela euskaraz; tsunami kultural baten azpian gaudela eta antolatu eta ekin ezean, hondarrik ere ez dela geratuko; egoera kezkagarria, aldakorra eta aldi berean itxaropentsua dela… Denetariko iritzi eta ikuspegiak azaldu ziren eta elkarrizketak mamitsuak sortu ere bai.
Saioko azken ariketan, datozen urteetarako erronkak identifikatzeko ahalegina egin genuen eta nagusiki bi ildo bereizi genituen: hiztun komunitatea eraikitzea (euskaldunen artean kontzientziazioa landuz eta kanpotik datozenei harrera eginez); eta ume eta gazteen erabilerari loturik, euskara darabiltenentzako ahalduntze eta motibaziorako guneak sortzea eta euskararen erabilera eremu formaletik eremu informalera pasatzea.
Bigarren saioa hiztunen aktibazioaz, bihar
Bihar egingo dugu bigarren saioa, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara Kalebarren 8ko lokalean. “Hizkuntza aktibazioa: zerk motibatzen zaitu?” izenburupean, euskararen erabilera bultzatzeko elkarteak egiten dituen egitasmoak eta zer beste egin dezakegun izango dugu aztergai eta norbera zerk motibatzen duen azaltzeko tartea ere hartuko dugu. Azkenik, aurreko saioan egin gabe geratu zen ariketak ere lekua izango du: 2034 urterako, zer amesten dugu euskararentzat Soraluzen?. Bihar edo hurrengo lau saioetako batean parte hartu nahi izanez gero, eman izena HEMEN.