izen-ematea

'Ametserantz' parte hartze prozesua, euskaltzaleen elkartearen norabidea marrazteko

Pil-pileaneko lankideak.

Otsailean Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak ‘Ametserantz hausnarketarako parte-hartze prozesua’ abiatuko du, herritarrekin batera, datozen urteetan elkarteak herrian bete dezakeen zeregina pentsatzeko asmoz. Guztira sei saio egingo dira eta izen-ematea zabalik dago HEMEN.

Aurten 28 urte beteko dira Pil-pilean sortu zela eta Arianne Unamuno elkarteko koordinatzailearen esanetan, "beharrezkoa da lantzen behin geldialdi bat egin, egindako bideari erreparatu eta aurrera begira egin dezakegunaz hausnartzea. Horixe da prozesu honen bitartez egin nahi duguna".

“Entzute ariketa potentea”

Prozesua Manahmana aholkularitza zerbitzuaren eta bertako kide den Maialen Oregi plazentziatarraren laguntzaz antolatu dute eta Elkarteko langile eta bazkideez gain, hainbat herritar ere gonbidatuko otsailean hasi eta apirilera bitartean egin diren saioetara: “Askoren begirada, iritzi, zalantza, amets eta gogoak behar ditu elkarteak hurrengo urteetako bidea marrazteko. Askoren artean egin behar duguna, askoren artean pentsatu behar dugu”. Iritzi berekoa da Oregi: “Garrantzitsua da herriko ahotsak, norbanakoenak zein elkarteenak, entzutea eta denek sentitzea herrian euskararen etorkizuna eraikitzeko aktore direla. Horregatik, saioak diseinatuko ditugu datorrena entzuna sentitu dadin”. Biek ala biek azpimarratu dute prozesua “entzute ariketa potente bat” izango dela elkartearendako. 

Otsailetik apirilera

Otsailean hasi eta apirilera bitartean, sei saio egingo dituzte herritarrak batu eta hausnarketa prozesu kolektiboa bideratzeko, horietatik bost eguazten arratsaldeetan (18:00-20:00) izango dira eta bat zapatu goizean (11:00-13:00). Lehen saioa, abiapuntukoa, otsailaren 7an egingo dute Kalebarreneko lokalean eta haren atzetik etorriko dira beste lau saio, lau arlotako monografikoak: otsailaren 14an, Erabilera eta aktibazioa; otsailaren 28an, Kulturgintza; Martxoaren 6an, Komunikazioa; eta martxoaren 9an (zapatua), Kukumixo. Azkenik, prozesua amaitzeko, apirilaren 17an, “ondorioak aurkeztu eta aberasteko” saioa egingo da Antzokian, jan-edan eta “kultur pilula” eta guzti. Izena emateko Pil-pileanera deitu (943751304) edo online fitxa bete daiteke (labur.eus/ametserantz).

Eguneratzeko beharra

Arianne Unamunori "gakoa" iruditzen zaio hizkuntzarekin gertatzen ari dena ulertzea: "Azken hogeita hamar urteotako datu soziolinguistikoei erreparatuz gero, ikusten dugu 1986tik 2021era bitartean, hazi egin dela nabarmen herrian euskaraz ondo edo nahiko ulertzen duten herritarren portzentaia %67tik %75era, baina, aldi berean, bada beste datu bat oso kontuan hartzekoa, izan ere, lehen hizkuntza euskara duten herritarren kopurua jaitsi egin da %52tik %37ra eta azken datu horren parekoa da erabilerak izan duen beheranzko bilakaera. Azken neurketen arabera, herriko erabilea %30aren bueltan dabil. Argi dago gazteleraren presioa gero eta handiagoa dela baina horrekin batera, ikusten da gaitasuna duten hiztunek euskaraz egiten jarraitzen dutela horretarako aukera dutenean. Beraz, badira kezkatzeko arrazoiak baina baita poztekoak ere, biak behar ditugu: kezka eta poza”. 

Irakurketa soziolinguistikoan oinarrituta, elkarteak bere jarduna “eguneratzeko beharra” duela uste du: “Azken mende laurdenean, elkarteak erreminta asko sortu ditu eta baita harreman sareak ere, baina ezinbestekoa da horiek etengabe berritzea, konturatzea zerk funtzionatzen duen eta zein bide berri proba dezakegun. Aurrera egingo badugu, etengabe birsortu behar dugu euskararen ametsa askoren artean. Orain arte lortu dugu eta sinetsita nago aurrerantzean ere lortuko dugula. Horregatik gonbidatzen ditut herritar guztiak zeregin eder honetan parte hartzera.”