Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak antolatuta, TELP (Taller d'Espai Lingüistic Personal) tailerrean murgilduta ibili dira hamairu soraluzetar azaroaren bukaeran eta abenduaren hasieran. Inaxiok honela azaldu izan du tailerraren mamia: "askok bizi izaten ditugu hainbat eta hainbat egoera zeinetan euskaraz hitz egiteagatik deseroso sentitzen garen. TELP tailerrean deserosotasun hori murrizteko baliabideak eskaintzen dira. Baliabide horiek, maila kognitiboa, emozionala eta fisiologikoa kontuan hartzen dituzte."
Lana, lagunartea, familia, tabernak eta dendak, bilerak...
Egunerokoan izaten dituzten bizipenetatik abiatuta, norberaren hizkuntza jokabideen gaineko hausnarketa eta lanketa egin dute. Aurreneko urratsa izan da parte hartzaile bakoitzak berak dituen erronka errealak identifikatzea; alegia, norekin egin nahi duen euskaraz eta ez duen lortzen. Horri tiraka, eta hainbat egoera posible irudikatuta, ohikoak diren hizkuntza portaerak eta lortu nahiko lituzketenak antzezteko eta praktikatzeko abagunea izan dute. Ondorengo hausnarketak eta bizipenak partekatzeak solasaldi mamitsuak eragin ditu.
Fokua norberarengan
Progresibitatea eta asertibitatea bezalako hitzak behin eta berriz aipatu dira tailerrean. Bakoitzak lortu nahi dituen aldaketak pauso errazenetatik hasi eta zailenetara bidea egiteko azalpenak eskaini dizkie Inaxiok bertaratutakoei, baita baliabide eta ereduak eman ere prozesu hori guztia ahalik eta erosoen eta besteenganako jarrera erasokorrik edo menpekotasunik gabe bideratzeko. Tailerrak norberak egin dezakeen horretan jartzen du fokua eta horrek duen garrantzia eta balioa ikusarazten ditu.
"Euskarari errazago eta sarriago eusteko balio izan dit"
Parte hartzaileei tailerraren baliagarritasunaz galdetuta, honakoak aipatu dituzte: "besteen esperientzia eta adibide praktikoetatik ikasteko", "norberaren erruduntasun sentsazioa jaitsi eta segurtasuna eta indarra sentitzeko", "euskaraz bizitzeko zilegitasunez sentitu eta bide horretan argumentarioa garatzeko", "euskarari zelan eutsi laguntzen duten hainbat gako eskuratzeko", "euskarari errazago eta sarriago eusteko", fokua besteengan baino gugan jartzeko lehenengo", eta abar. Azken batean euskal hiztun moduan ahalduntzeko balio du TELP tailerrak.