Azken hilabeteotan, epaitegiek hainbat sententzia kaleratu dituzte euskara biziberritzeko prozesua eragotzi eta atzera bidean jartzen dutenak. Horren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa deitu du azaroaren 4rako, Bilbon, Oldarraldiaren aurrean euskararekin bat, euskaraz bat lemapean. Soraluzeko Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak bat egin du deialdiarekin eta dei egiten die plazentziatarrei egoera honen aurrean mobilizatu eta elkarrekin Bilbora joateko.
Joan-etorria errazteko, autobusa antolatu da herritik. Izena emateko, bi aukera daude:
- Online: Formulario hau beteta.
- Offline: Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartera deituta (943751304) edo bertaratuta.
Autobusa 15:25ean irtengo da Zubi Nagusiko geltokitik eta txartelen prezioa 10 eurokoa da (5 euro 18 urtetik beherakoendako eta bazkideendako). Ordaindu autobusean bertan egingo da. Izena emateko azken eguna: urriaren 31 (martitzena).
Gure bizitzetan eta gizartean euskara normalizatua eta biziberritua nahi dugulako, azaroaren 4an euskaltzaleok Bilbora joango gara!