Auzoko familiak egitasmoan parte hartzen duten familiak (euskaldunak eta ez-euskaldunak) Tolarekua aretoan elkartzen dira ostiraletan, ordu eta erdiz, 17:00etatik 18:30era bitartean. Normalean bi astean behin batzen dira eta umeendako jolasen eta bestelako dinamika parte hartzaileen bitartez une goxoak pasatzen dituzte elkarrekin.
Aurten, udaberrian, saio bereziak antolatuko dituzte herriko eragile eta sortzaileekin batera: martxoaren 31n, Irati Trebiñok ipuinak kontatuko ditu, apirilean musika eta kantu saioak egingo dituzte eta maiatza-ekainean mural margoketa.
Ohiko saioei dagokinez, hurrengo hitzordua datorren astean izango dute, otsailaren 24an, ostiralean.
Izen-ematea zabalik
Saioen dinamizazioa errazteko, komeni da izena ematea. Horretarako Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartearen bulegora deitu daiteke (943751304) edo zuzenean harremanetan jarri Arrate Espilla aniztasun teknikariarekin (609287739 / arrate@pilpilean.eus).
Funtzio komunitario garrantzitsua
Euskaratik urrun dauden familiak eta familia euskaldunak harremanetan jartzen ditu Auzokok. Herrira etorri diren familiei herriko kultura eta ohiturak ezagutzera emateaz gain, munduko beste kultura eta ohitura batzuek ezagutzeko aukera ere eskaintzen du.
Soraluzen kultura, jatorri eta hizkuntza askotako herritarrak bizi dira eta proiektuak horien arteko elkarrezagutza eta trukea bultzatzen du, edozein familiari euskarara eta euskal komunitatera hurbiltzea erraztuz. Hala, euskaraz bizi den familiak funtzio komunitario garrantzitsua betetzen du: beste familia batzuen bidelagun izatea, euskaraz jarduteko uneak eta sareak eskainiz.